Europako Banku Zentralak %1en utzi ditu interes tasak, ekonomia suspertzeko asmoz
euroguneko interes tasen gainean Europako Banku Zentralak zer erabaki hartuko ote zuen ikusmina zegoen, eta azkenean bere horretan uztea hitzartu zuten. Horrek ekonomiari lagunduko diola uste du Trichetek.GARA |
Jean-Claude Trichet, Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidenteak, «egokitzat» jo zuen gaur egun eurogunean indarrean dagoen %1eko interes tasa, eta iragarri zuen interesa maila baxu horretan mantentzeak Europako ekonomiaren suspertzeari lagunduko diola.
Europako Banku Zentralaren zuzendaritzak bilera egin zuen atzo goizean, eta hedabideen artean ikusmin handia zegoen, interes tasak bere horretan utzi ala aldatu erabaki behar baitzuten bertan. Azkenean, EBZak interesa historikoa den maila honetan mantentzea erabaki zuen, horrek ekonomiari mesede egingo diolakoan. Hori adierazi zuen Trichetek, bileraren ostean egindako prentsaren aurreko agerraldian.
Trichetek, ildo horretatik, banku komertzialei eskatu zien «beren lana» egin dezatela, eta enpresei eta familiei maileguak eskain diezazkietela, ekonomiaren hobekuntzari laguntzeko bidean. Izan ere, gaur egun diruaren prezioa oso txikia den arren, banku komertzialek gutxitu egin dituzte beren maileguak, eta jarrera honek ekonomiari kalte egin diezaioke.
Dena den, EZBko presidenteak iragarri zuen beren erabakiek «pixkanaka-pixkanaka ekonomia bultzatu» beharko luketela, eta gogora ekarri zuen normalean denbora tarte bat pasa behar dela moneta-politikaren erabakiek ekonomian emaitza eraginkorra izan arte. Edonola ere, ziurtzat jo zuen Frankfurten egoitza duen finantza-entitate horrek hartutako neurriek enpresa eta familien egoera hobetuko duela, epe laburrean ez bada, epe ertainean.
Egoera ekonomikoaren gainean galdetuta, Trichetek onartu zuen oraindik «ziurtasun eza» dagoela, baina adierazi zuen badaudela atzeraldiak muga jo duela adierazten duten «zantzuak», eta ekonomia hurrengo urtean hasiko dela berriro hazten, langabeziak maila altuetan jarraituko badu ere. Inflazioaren gainean, iragarri zuen azken hilabeteetan Europa osoan izandako prezioen beherakada behin-behineko kontua dela, eta prezioak laster hasiko direla beren ohiko mailara itzultzen.
Ingalaterrako Bankuak ere interes tasak bere horretan uztea erabaki zuen atzo, eta %0,5en jarraituko dute herrialde horretan. Gainera, ekonomia suspertzeko 205.000 milioi euro erabiltzea erabaki zuen.