GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Donostiako Aste Nagusia, musikaz lepo eta erritmo berritasunez urri

Kainoi hotsarekin hasiko dira bihar Aste Nagusiko lehen hotsak Donostian. Aurten ere makina bat ikuskizun eta kontzertu izango dira Gipuzkoako hiriburuan, nabarmentzeko izen berezirik izango ez den arren. Kontzertu jendetsuenak Saguesen izango dira, berbena eta erromeriak Konstituzio zein Easo plazan eta Pasealeku Berrian, jazz doinuak Zurriolako terrazetan eta herri musikak Boulevarden. Trinitate plazan, berriz, Donostiako Piratak.

p047_f01_97x140.jpg

A. BILBAO

Bihar arratsaldean hasi eta datorren abuztuaren 15era bitartean Donostiak bere Aste Nagusia ospatuko du. Ehunka dira bertako egitarauan prestatu dituzten ikuskizunak eta guk musika arloari erreparatuko diogu. Izan ere, eta nabarmentzeko moduko talde asko aurkitu ez ditugun arren, erromerietan dantzatu edo modako taldeekin batera oihu egin nahi duenak izango du aurten ere horretarako aukera.

Ohi bezala, kontzertu jendetsuenak Saguesen izango dira gauerdi aldera, bertan joko baitute talderik entzutetsuenek. Bihar, hasteko, Nena Daconte izango da isiltasuna hautsiko duena. Oraindik asko gelditzen omen zaio bikoteari emateko, eta «Retales de Carnaval» arrakastatsua aurkeztuko du Donostian. Eta etzi, iaz bueltatu eta oraindik saltoka den Tequila taldea. Zalantzarik gabe, jai girorako aproposa da oso talde espainiar-argentinarra.

Astelehenarekin batera soinuak indartu egingo dira, Reincidentes taldearen aldarrikapen oihuekin. Hogei urte daramatza jada errepidean talde andaluziarrak, eta «America» du azken lana. Astearteak antzeko bidetik jarraituko du, Despistaosen partaidetzarekin (hurrengo astean Bilboko jaietan ere izango dira). Bost urte baino ez dituen taldeak sekulako arrakasta lortu eta «Lo que hemos vivido» bilduma lana plazaratu berri du.

Asteazkenean, jaien erdibidean, Ojos de Brujo ezagunen doinu mestizoak. Beroak eta alaiak dira kataluniarren runba eta flamenko fusioak, eta ohikoak dira gure hirietako festetan. Urte hasieran «Aocana» lana plazaratu zuten, eta taldearen webgunean kantuen hitzak euskarara ere itzuli dituzte.

Etxeko taldeak

Etxeko ordezkariek beteko dituzte hurrengo bi gauerdiak. Batetik, Gatibu gernikarrek bizkaieraz kantatutako rock doinu ezagunak emango dituzte ostegunean. Bestetik La Oreja de Van Gogh, gaztelaniazko pop esparruan sekulako markak jarri dituen boskote ezagunak, etxean kantatuko du ostiralean.

Bukatzeko, Luz galiziarrak itzaliko du Sagueseko oholtza, datorren larunbatean. Orain urtebete «Vida toxica» aurkeztu zuen Victoria Eugenian, eta irailean plazaratzekoa den «La pasión» laneko kantuak emango ditu oraingoan.

Ezkila kapitainaren Donostiako Piratak, abordatzera

Urte osoko asperdurak atzean uzteko asmoz, aurten ere Ezkila kapitainaren ontzi piratak egitarau oparoa antolatu du, tartean Trinitate plazan burutuko den bi eguneko jaialdia. Gaur nafar Erriberako Piperrak eta aspaldiko Parabellum bizkaitarrekin batera Esne Beltzak joko du bertan, eta Donostiako Piraten ereserkia estreinatu, Japoniatik bueltan.

Bihar, eta toki berean, Des-Kontrol arrasatear punk oi! taldeak Barricada talde nafar ezaguna lagunduko du. Eta dantzarako gogoz gelditzen direnentzako erromeria izango da igande arratsaldean, Urgullen. A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo