GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Hasierako uholdea igaro da, baina giroak bero jarraitzen du

Gasteizeko jaietako lehen bi egunak dira herritar gehien erakartzen dutenak, eta hortik aurrera asko nabari da jende kopuruaren urritzea. Hala eta guztiz ere, musikariz, kirolez eta ikuskizunez beteta daude hiriburuko kaleak, eta ez dira gutxi, inondik inora ere, prestaturiko ekitaldi eta ikuskizunak. Gainera, asteburuari begira hainbat kontzertu eta jarduera gehigarri dituzte programatuta, herritar guztiak kalera ateratzeko.

p014_f03_148x112.jpg

Iñaki SALABERRI |

Bitxia bada ere, Gasteizko jaiek irauten duten sei egunek ez dute inolaz ere jende kopuru antzekoa izaten, lehen bi egunak baitira jende gehien erakartzen dutenak. Bi egun horiek jaien hasiera den txupinazoa eta jaien egun handia den Andra Mari Zuriaren eguna dira; horien berezitasunak dira Zeledonen jaitsiera izatea, batean, eta hirian jai eguna izatea, bestean. Ez da gutxi.

Gero jendea uzkurtzearen arrazoiak asko izan daitezke, hiritarrek oporrak hartzen dituztela adibidez, baina horrek ez du esan nahi jaiak amaitu edo egitekoak murrizten direnik, egitaraua edota hiriguneko kaleak ikustea besterik ez baitago: mota guztietako musikariak, haur eta nagusientzako jarduerak, herri-kirolak eta abarrek jaia bizirik mantentzen dute egunean zehar. Eta, hau gutxi ez eta, gauean beste horrenbeste ikuskizun eta egiteko daude.

Gainera, kontuan hartu beharra dago beti ez bezala aurtengo jaiek asteburua osorik hartzen dutela, eta, horregatik, hiritik at joan ez direnak kalera ateratzeko planak gehitzen direla. Hau, batez ere, txosnetan (bihar Gazte eguna baita, etzi Entxosnazio Eguna eta igandean ere kontzertu potenteak baitaude), eta Aihotz zein Foru enparantzetako kontzertuetan nabari da, baina ez dira horiek indartzen diren jarduera bakarrak: hiriburuko jaiak ospatzeko edonoren gusturako aukerak daude.

Giroa kaleetan

Atzoko egunean, adibidez, giroz beteta egon ziren erdiguneko kaleak. Goizean goizetik hasita Arabako Pilota Federazioak antolatutako eskupilota txapelketa izan zen jendez betetako Foru plazan, eta amaitutakoan hiru herri-kirolen saioak izan ziren bertan: lehenik aizkolari lehiaketa bikoteka, 24 enbor sei eratara zein bikotek moztuko zuen lehenago; aizkolariek arnas hartu bitartean lasto altxatzea, eta, azkenik, ingude altxatzea.

Bitartean, Udal Musika Banda, alde batetik, eta Erraldoi, Buruhandi, Zaldi eta Txotxen Konpartsa dultzainero eta txistulariekin, bestetik, kaleetan zehar ibili ziren kalejiran, musika eta ohitura herrikoiak zabaltzen. Gainera, eguerdi aldera, Udal Bandak Florida parkeko kioskoan emanaldia eman zuen. Geroago, Euskal Herriko zortzi tokitako gaita taldeak kaleetan barrena ibili ziren, hirigunea doinu miragarritan barneratuz.

Musika ekitaldi ofizialez gain, Posta kalean eta Andra Mari Zuriaren plazan hainbat musika taldek herritarren arreta erakarri nahi zuten. Horien artean berbere musikariak, afrikar danborrariak, Ipar Amerikako indigenak ohiko txirulekin, mexikar gitarra-jotzaileak eta haize instrumentuekin eta perkusioarekin doinu ezagunak jotzen zituen banda ere bazegoen. Horrez gain, «break-dance» erako dantzan eta perkusio taldea Zeledonek lur hartzen duen tokian salto eta akrobaziak egiten ari ziren.

Haurrentzako ere izan ziren egitekoak goizean zehar, hala nola Plaza Berrian margolaritza txapelketa eta Posten enparantzan Basatilandia jokoak, blusa eta neska koadrilek antolatuta. Prado parkea ere haurrentzako jolasez beteta izan zen, haur eta gazteentzako «Abentura Lekua» bertan baitzegoen, eta Peñafloridako Kondearen plazan Gargantua jarri zuten.

Eguerdi aldera, Aihotz plazan Igor Elortza, Jon Maia, Manex Agirre eta Andere Arriolabengoa izan ziren bertsotan, Idoia Beitiak jarritako gaiei jarraituz. Blusaz beteriko plazan, bertan Blusa eta Nesken Batzordeko txosna baitago, jendetza batu zen, horretarako aulkiak eta eguzkitakoak jarri zituztela aprobetxatuz. Giroa bikaina izan zen bertan.

Arratsalde partean, bostetan hasita, blusa eta neskak paseilloa eginez Dato eta Florida kaleak giro eta musikaz betetzen ibili ziren, egunero bezala. Ikuskizun hau da kanpotarren arreta gehien pizten duena, ia lo egin ez duten koadrila abeslariak erdi-dantzan erdi-ibiliz algara artean hiriguneko kaleetan zehar gora eta behera ibiltzen baitira. Oro har, neska eta blusa koadrilak izaten dira ekintza eta jai giro gehien eragiten dituztenak.

Ostean, Peñafloridako Kondearen plazan Udal Musika Bandak Nafarroako jotak jotzen ibili zen Tutera eta Castejoneko Jota Eskolak lehiatzen zebiltzalarik, Nafarroako eguna zela-eta. Gainera, Nafarroako produktuak dastatzera eman zituzten.

Arabiar azoka

Nafarroako jotak jotzen dituzten tokitik oso hurbil, Francisco Juan Aiala plazan, azoka arabiarra dago, «Marokotik Libanora» lemarekin arabiar kulturaren hainbat ezaugarri erakusten dituena. Bertan, Afrika iparraldeko toki ezberdinetatik etorri diren hamabost bat familia daude, haima deituriko dendatan bakoitzak arlo ezberdin bati ekiten dio, nahiz eta askotan gauza bera egiten dutela iruditu (ez baita gauza bera falafel eta kebab).

Plazan, tokian tokiko tresnak, apaingarriak eta arropak saltzen dituzte, baita janariak prestatu ere, edota tea zerbitzatu. Badago postu bat non saltzen diren hogei bat jakietatik hamazortzi azeituna klase ezberdinak diren. Horien artean, Fayçal eta Abde Rrazk daude, lehena aljeriarra eta bigarrena marokoarra. Biak etorri ziren Mediterraneoaren beste aldera duela urte asko, «badira bost eta hiru jada», oroitzen da lehena. Biek dute etxebizitza, Valentzia eta Zaragozan, eta biek dute lana, lehena harakina den bitartean bigarrenak Marokon eginiko eskulanak saltzen ditu bere bazarrean. Baina ez batak ez besteak ezin izan ditu eskuratu europar herritar egingo dituen dokumenturik: «arazoak besterik ez dizkigute jartzen» amititzen du Abde Rrazakek. Biek dute oso gogoko Gasteiz eta euskal jendea, diotenez herritarren izaeragatik eta bere atsegintasunagatik batez ere. Eta klima ez dela gasteiztarrok diogun bezain txarra esaten dute, nahiz eta iritzi hori beraien jaioterrietako gehiegizko beroak eragina izan daitekeela onartzen duten.

Abde Rrazakek bost urte daramatza Gasteizera etortzen, «urtero nator jaietako azokara nire dendarekin, oso gustuko baitut nire kultura transmititzea» dioenez, eta hori gutxi balitz «Erdi Aroko azokara ere etortzen naiz, azken bost urteetan bi ekitaldietara etorri naiz» esan zidan. Fayçalek dioenez, bere sorterri den Aljerian familia guztiak egin behar du lan etxea mantendu eta jan ahal izateko, «inolako luxurik gabe, gainera». Hori izan zen itsasoa zeharkatu eta bere herria uzteko arrazoi nagusia.

Zer saltzen duten galdetuta, biek azaltzen dute zer den eta nola egiten den. Aljeriarrak talo modukoak haragiz eta barazkiz betetzen ditu, ondoren bi saltsaz zaporeztatzen dituelarik. Lehena jogurtez, baratxuriz, perrexilez, maionesaz, esnez eta pepinoz eginik dago, eta, bigarrena, ketchup eta harissa deituriko pikante arabiarrez. Marokoarrak tea, te berdez eta mentaz egina, eta tabakoa kaxinban saltzen ditu, postre oso gozoekin batera. Atzokoan bertaratu zirenek Al Folk eta Gisela taldeen dantza eta musikaz gozatu zuten, hara bildurik dauden pertsona eta ohiturez gain.

Gaurkoan txikien eguna da, eta horregatik hainbat proposamen daude beraientzako prest.

herri-kirolak

Foru plazan herri-kirolak izan ziren, egunero bezala. Atzokoan eskupilota, aizkolariak, ingude proba eta lasto altxatzea izan ziren bertan. Jendetza bildu zen eta giro bikaina eratu zen.

posta kalea

Harrigarria bada ere, Gasteizen hiriguneko kale bakar batean, ehun metro baino gutxiagotan, jendez inguraturik, sei musika talde bildu ziren aldi berean euren ikuskizunak egiten edo prestatzen.

aihotz plazan

Blusa eta Nesken Batzordearen txosnaren parean, blusaz beteriko plazan, lau bertsolari famatu agertokian bertsotan ibiltzen dira eguerdi partean, jendea aulkietan eserita edo atzeko partean zutik dagoen bitartean.

azoka berezia

Gasteizko erdialdeko Francisco Juan Aiala plazan Afrika iparraldetik etorritako hainbat familia arabiar daude, euren kulturaren hainbat ezaugarri erakutsiz hiriko jaiez herritarrekin gozatzeko.

txiki eta gazteak

Egitarau ofizialean, txikien eguna ospatuko dute gaur Gasteizen, Zeledon eta Neska txikien jaitsierarekin. Txosnetan, Gazte Eguna izango da, eta honen karietara herri bazkaria eta manifestazioa egingo dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo