GARA > Idatzia > Kultura > Musika

«Egarri den herriari ardo gorria ematera etorri gara Bizardunak»

p044_f01_250x136.jpg

Koldo OTAMENDI | DONOSTIA

Iruñerriko rock taldeetan ibilitako musikari dezente batu dira Bizardunak izeneko talde militantean. Mermaid, Basque Country Pharaons, Green Manalishi, Black Lagun edota Brigada Criminal taldeetan arituak, Bizardunak taldearekin «Euskal Folk Erradikala» jorratzen dute eta Euskal Herriko musika eszena astintzera etorri dira. Rock, musika, distortsioa eta zarata alde batera utzi, eta akordeoia, gitarra akustikoak eta mandolinak jantzi dituzte irlandar folka, The Pogues edota The Dubliners taldeak aldarrikatzeko.

Euskaraz eta gaztelaniaz abesturiko hitzetan ere ez dira erdibidean geratzen diren horietakoak, eta ipurdiak eta kontzientziak ostikatzera etorri dira. Estreinako diskoan bederatzi kantu bildu dituzte, horietariko bost irlandar kantu tradizionalen moldaketak direla, eta taldeak berak sorturikoak, beste lau kantuak.

«Euskal folk erradikala»... musika talde gehienek etiketei ihes egiten dieten garaian, zuek zuzenean aitortzen duzue...

«Folk radical vasco» hori ez da etiketa soil bat, gure izaera baizik. Etiketak ez jartzea 90. urteetan sortutako moda tuntun bat besterik ez da. 1960ko hamarkadan The Rolling Stones taldeari galdetuz gero, rock&rolla egiten zutela esango lizuke, edota 70. urteetan Bjorn Ulvaeus jaunari galdetuko bazenio, berea pop musika zela esango lizuke. 80. urteetan berriz, edozein heavyk ozen esango zizun berak egiten duena heavy metala dela. Egiten duzuna benetakoa bada defendatu beharra dago, eta guk gure izaera aldarrikatzen dugu, euskal folk erradikala.

The Pogues taldearen punk jarrera eta The Dubliners taldearen folka koktelera batean sartu, nafar nortasuna eman eta emaitza berriz, Bizardunak.

Bertako nortasuna da hirugarren osagaia: euskal volksgeist -herriaren arima-. Zuzen esateko, nafar potroak. Dena den, aipaturiko bi talde horiek gabe ez ginateke existituko.

Lau kantu propio eta bost moldaketa dakartza lehen diskoak. Kantuen moldaketek badute, halere, nortasuna. Oso Bizardunak dira...

Diskoan agertzen diren bertsioak geureganatu egin ditugu. Meritu osoa irlandar herriak du, baina abestiak duten zaporea gure sukaldeari dagokio.

Musikalki, bi eremu oso ezberdinak sumatzen dira diskoan. Tabernetako ereserki parrandazale eta ganberroak batetik, eta tradizio kutsua duten kantu lasai eta barnekoagoak bestetik.

Ez dut hain garbi ikusten esaten duzuna. Parrandazaleak garela bistan dago, baina gure kantuekin zerbait gehiago lortu nahi dugu. Horretarako, «estalinismo» kulturala oinarritzat erabiltzen dugu. Egiten dugun guztia zerbaiterako egiten dugu eta bide horretan, helburu politikoa agerikoa da. Bestalde, ez dut uste tradizionalak garenik. Agian forman izan daiteke, baino inolaz ere mezuan: euskal folk musikan Karlistadez, drogaz edo nafar estatuaz hitz egitea ez da batere tradizionala....

Musikari nortasuna ematen diona berriz, zuen hitzak dira.

Gai garrantzitsuak bakarrik lantzen ditugu...Pasarte historikoak, gudak, drogak, traidoreak, sexua, elizgizonak, poliziak, politiko profesionalak, basoaren mistika, biharamunak, Marx, koldarrak, ezkertiar tontolapikoak, energia nuklearraren ontasuna, lantegiak, garagardoa, emakume indartsuak,... Hitzak zerbaiterako egiten ditugu, ez tontakeriez aritzeko. Sekula ez dugu egingo kanturik gure sentimendu pertsonalez, bihozminaz edo txorakeria aspergarriez.

Letrek arrakasta itzela dute.

Euskal Herriak jasaten duen egoerari esker gure mezua ipurdi fatxa batean Alberto Catalanek diseinatutako supositorio heze bat bezala sartzen ari da. Zuzen, azkar eta leuntasun osoz. Hau da, modu naturalez. Egarria duen herriari ardo gorria ematen diogu. Hobeto gudan hil, Borboiei aurreskua dantzatu baino.

Eta tartean, erreferentzia ugari pertsona zehatzei (Euskitze, Arzallus, Martin Villa, Sabina, Junkera....) «lagun ugari» egingo dituzue bide hori hartuz gero...

Bizardunak ez gaude hemen lagunak egiteko. Hurrengo Gabonetan Josu Jon, Llorente, Argiñano, Urkullu «Vaya Semanita» koek edo halakoren batek saski bat oparituz gero, presoei bidaliko genioke.

Eta izan propioen artean ere, Shane Mac Gowan, Pogues taldeko abeslaria.... Zein aurpegi jarriko luke Bizardunen diskoa entzungo balu.

Nork jakin hori. Beharbada diskoaren gainean botaka hasiko litzateke, edota bestela, lagunak egingo ginateke. Ea noizbait «Piperraren kofradia» edo Sabino Arana saria merezi duen norbaiti ematen dioten. Esaterako, Euskal Herriko tabernak alaitu eta gazteriari pentsarazi eta dantza arazi dion gizonari: Shane Mac Gowan jaunari.

Zuzenekoak eskaintzen aritu zarete jada. Nolakoa da Bizardunak ikusi eta entzuteko gunerik egokiena: taberna zuloak, gaztetxeak, herriko festak, batzokiak...

Batzokietan, noski. Noizbait jotzen badugu bederen! Kar, kar, kar....Nahiz eta taula gainean kide asko izan, edozein agertoki edo aretoetan jotzeko jaio gara. Ia lekurik ez dagoen taberna txiki bat izan daiteke lekurik hoberena, edo zergatik ez, herriko plaza, guda zelaia edo espetxe bateko patioa.

Eta zuzenean, zein talderekin? Musikalki ez baitago talde askorik zuen orbitan... Su ta Gar edo Barricada taldeen ondoan ikusten duzue zeuen burua edo, Gozategi eta Impekablesenean.

Barricadak galtza motzetan jotzen jarraituz gero, ez dute inongo aukerarik gurekin jotzeko, mesedez! Nola joan daitezke horrela jantzita!! Haizea, Laboa, Amaia Lauzirika, Kortaturen itzulera kontzertuan (venga Fermintxo, cojones!!), Distorsion... Hala ere, Itoiz taldearekin joko genuke gustura asko. Hori bai izango zela handia.

Ardo botila freskorik badagoen bitartean, Bizardunak luzerako izango dugun ustea dut....

Hemen jarraituko dugu 40 urte barru. Izango dira aldaketak, jendea joan, etorriko da, baina beti egongo da Bizardun bat Euskal Herriari kantatzen. Tradizio hau Iparragirrek hasi eta beste batek bukatuko du. Hark sortutako zuhaitzak fruituak eman ditu.

Arbasoen ideiak defendatzen...

... botila beteta dagoen bitartean.

Shane Mac Gowan, The Pogues taldeko abeslaria Iruñean jaioa izan balitz, Bizardunak izango zen bere musika taldea. The Pogues eta Bizardunen arteko lotura ukaezina da bai musikaren aldetik eta bai bizi-filosofiaren aldetik. Bizardunek, irlandar taldearen punk jarrera berea egiten dute folkaren musika eremu tradizionalean pitzadurak eragiteko. Shane Mac Gowan eta enparauek The Dubliners taldearen iturritik edan zuten bezala, Bizardunen botila bi talde horien ekarpenez beteta dago. Irlandan jorraturiko musika erari, bertako nortasuna eman diote: nafar nortasuna. Eta horrek egiten du berezia Bizardunak taldea. The Pogues taldearen antzera, «Jan, edan eta borroka egin» leloari lotzen zaio bere proposamena taularatzeko orduan, festa eta parranda bizi-pozgarri direlako eta borroka ezinbestekoa delako bizi garen lur eremu honetan.

Erradikala izateko ez dagoelako rock musika jorratu beharrik, ezta punka izateko koloreetako gandorra izan beharrik ere. Finean, gauza bera delako Irlandako Galwayn edo Tuteran bizitzea, Nafarroa hegoaldean, defendatu beharrekoak arbasoen ideiak direnean. K. OTAMENDI

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo