Haritz SOUND SYSTEM Kazetaria eta musika adiktoa
Hip hop-a euskalduna da
Aurten Gipuzkoako ikastolen festa, Kilometroak jaia, urriaren 4an ospatuko da Donostian. Ohikoa denez, oinez egin beharreko ibilbidea izango da, eta ibilbide horretan zehar ekitaldiz jositako guneak.
Aurten, lehen aldiz (guk dakigula behintzat), hip hopari garrantzi berezia emango zaio horietako gune batean, eta bertan, Hip Hop izeneko zuhaitz handiaren adar desberdinak ezagutu ahal izango dira. Goiz partean, graffiti, scratch eta break dance tailerrak egingo dira, eta nahi duenak adierazpide horien oinarrizko ezagutza jasotzeaz gain, modu aktiboan parte hartzeko aukera izango du. Eguerditik aurrera, berriz, adar horietan ari direnen erakustaldiak ikusi eta entzun ahal izango dira (Bertsounda tartean). Hip hop dantza eta rap lehiaketak ere antolatu dira, mundu honetan interesa dutenek baina jende aurrean erakustaldiak egiteko aukera gutxi dutenek, urriaren 4en, saioa eskaini dezaten. Rap lehiaketaren kasuan, euskaraz egindako rapa bultzatu nahi da, rap musikan interesa dutenak euskaraz abestera anima daitezen. Bai rap eta baita hip hop dantza lehiaketan parte hartzeko oinarriak eta informazio guztia www.kilometroak.net orrian aurki daiteke. Aurkezteko epea abuztuaren 17an amaitzen da eta interesa dutenek arin ibili beharko dute.
Euskalgintzatik hip hopari horrelako garrantzia ematea aurrerapauso handia iruditzen zaigu. Kanpotik heldu zaizkigun eragin asko mesfidantzaz ikusi izan dira eta, egia esan, euskarak historian zehar jaso dituen erasoak ikusita (gaur egun jasotzen dituenak ere), ez da harritzekoa. Duela gutxi arte, hip hopa arrotza izan da gure artean; ingelesarekin, gaztelaniarekin eta frantsesarekin lotu izan da eta euskararentzat mehatxu gisa izan da leku askotan. Hip hopa ideiak eta sentimenduak adierazteko modua da, tresna, eta horretarako, hainbat bitarteko erabiltzen ditu: rap musikak, doinu, erritmo, errima eta letren bitartez, ahozko espresioa adierazten du, kantatzeko eta musika egiteko modu berezia (scratcharen teknikak lagunduta). Break dance-ak gorputzaren espresioa ahalbidetzen du. Graffitiarekin, ideia eta sentimenduak irudi bihurtzen dira. Espraiaren teknika erabiliaz panelek edo paretek orri zuriaren funtzioa betetzen dute. Hip hopa edozein hizkuntzatan adieraz daiteke eta euskarak ezin du horrelako tresna baliotsua baztertu. Gustatu ala ez, hip hopa gure artean dago eta oso erakargarria da. Hip hopa, normaltasun osoz, euskararen tresna izan dadin bitarteko guztiak jarri behar ditugu. Ez diezaiogun euskarari muga gehiago jarri.