GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Hendaiako gaztetxearen dinamikak aurrera darrai kontzertu eta bazkariekin

Hendaiako gaztetxea uztailaren 11n okupatu zuten. Geroztik, etxebizitza eta harrera toki ere bilakatu da. Asteburu honetarako hainbat ekimen antolatu dituzte dinamika herritarren artean zabaltzeko asmoz.

p019_f02_14262.jpg

Idoia ERASO

Hendaiako gaztetxea eraikitzeko gazteek Lilen karrikan okupatu zuten eraikinaren jabeak salaketa jarria baldin badu ere, gazteek ez dute etxea uzteko asmorik. Horren erakusgarri dira asteburu honetarako antolatu dituzten ekimenak. «Kanpoko jendeari begira gure dinamika zabaldu nahi dugu; ohartu gara jendeak bere elkartasuna erakusten badigu ere, ez dela guregana hurbiltzen», azaldu du gaztetxeko Txomin Urrizak.

Lapurdiko herriko gaztetxea elkartzeko gune izateaz gain, hastapenetik bizitzeko eta aterpetzeko gune izateko xedez sortu zuten. Gaur egun hiru pertsona bizi dira eta uztailaren 11n okupatu zutenetik berrogei bat pertsonak egin dute lo bertan. «Duela gutxi belgikar bikote bat etorri zen, eta batzuetan eska- leak ere etortzen dira gugana», adierazi du gaztetxeko kideak.

Okupazioaren salaketa bide judizialetik aurrera doa. Joan den astean polizia judizial bat bertaratu zen gaztetzean eta poliziak komisariara joateko agiria igorri zien, baina gazteek ezin zutela joan ohartarazi zioten. «Jabeari deitu genion gaiaz hitz egiteko, baina berak gurekin hitz egiteari uko egin zion eta afera bide judizialetik eramango zuela esan zigun», zehaztu du Urrizak.

Bitartean gazteek etxea egokitzeko lanean jarraitzen dute. Etxearen aurkezpena egin zuten egunean egina zuten baratzea handitu dute eta lorategian ibiltzen den txerri txiki bat ere aterpetu dute. Urik ez dutenez kanpoan komun idorra egin dute. Uraren arazoa ere aipatu du Urrizak: «Kendu egin digute, gu Lyonnaise des Eaux enpresara joan ginen, baina beraiek jabeak emandako agindua zela esan ziguten eta ezin zutela ezer egin».

Bitartean barnealdea ere konpontzen ari dira, «ustelduak» dauden hormetako zuloak estaltzen eta margotzen ari dira gazteak. Etxeak kanpotik oso itxura ona baldin badu ere, barnean egoera bestelakoa dela erantsi dute gaztetxeko kideek.

Izan ere, duela hiru urte etxea apartamentuak egin nahi dituen enpresa bati saldu zioten. Hiru dira sozietatea osatzen duten pertsonak eta beraien asmoa eraikina handitu eta bertan hamabi apartamentu egitea da. Egitasmoak balio historikoa duen etxearen moldaketa ekarriko luke, eta horregatik Herriko Etxearekin borrokan ari dira, azken honek ez duelako proiektua onartu nahi.

Gaztetxeko kideek eraikinaren inguruko afera etxea okupatzera bultzatu dituen espekulazio sistemaren erakusle dela gaineratu zuten. Gaur egungo egoera gogoraraziz, «etxebizitza luxua denean okupazioa eskubidea» dela adierazten duen afixa dago jarria Hendaiako gaztetxe atarian.

Asteburuko egitaraua

Gaur mendi irteera egingo du taldeak. Goizeko bederatzietan gaztetxean elkartu eta mendizaleek Aiako Harrira irtenaldia egingo dute Ploxt gida bereziarekin.

Atzoko egitarauak gaztetxea okupatu zuen taldeak aipatutako antolakuntza eta filosofiarekin bat egin zuen. Hasteko asanblada irekia egin zuten, eta ondoren herri bazkari. Arratsaldean musika tradizionala eta «anarko-punka» uztartu zituzten hiru kontzertu izan ziren eta gauean film bat eskaini zuten.

Ostiralean, ordea, Kolonbiari buruzko hitzaldia izan zen eta gai berberaren inguruko «Los sicarios de la capital» filma eman zuten.

Euskal bestak

Gaztetxeak bere burua ezagutarazteko hautatu duen asteburuan herriko euskal bestak ere ospatzen ari dira. Jende andana biltzen duen kabalkadara joango dira gaur esku-orriekin egitasmoaren berri ematera.

ATERPETXEA

Hiru pertsonarentzat etxebizitza izateaz gain, bisitarientzako aterpetxe ere bada. Berrogei bat pertsonak egin dute lo bertan azken hilabetean; Paristik Kanttura jotzera etorri zen musika talde bateko kideek besteak beste.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo