Aitor Irigoien Odriozola Enpresen Antolaketa eta Zuzendaritzan lizentziaduna
Gerra: bide okerra
Gerra ala gerra. Gerrak soilik gerra gehiago ekartzen du atzetik, bere itzala etengabe areagoyuz
«Es el canto universal, cadena que hará triunfar... el derecho de vivir en paz!»
Víctor Jara (Txile, 1971)
Gerra. Bide okerra. Hautu ankerra: gerra ala gerra. Gerrak soilik gerra gehiago ekartzen du atzetik, bere itzala etengabe areagotuz. Gorrotoa sortzen du eta gorrotoak aldi berean gerraren sua indartzen. Zulo amaigabe baten gisakoa da guda oro, neurri batean: zuloa da gero eta gehiago kenduz gero eta handiagoa bilakatzen den elementu bakarrenetarikoa; gerra, zenbat eta handiagoa, orduan eta gehiago kentzen du, dio inguruneari: herrixka, azpiegitura nahiz natur guneen erabateko suntsiketa, pertsonen hilketa masiboa, desagerpenak, torturak, bortxaketak... Era berean, gerra zenbat eta gogorragoa izan, arazoak are eta larriagoak bilakatzen dira, eta konponbidea are urrunagoa. Dena du negatiboa, dena ezerez bilakatzea baitu ezaugarri nagusi.
Bide zuzena ezagutu arren, okerra hautatzen jarraitzen dute temati batzuek ordea, guda mahai jolas bat bailitzan. Ez ditu gehiegi arduratzen euren jokoaren zentzugabekeriak, eragindako sufrimenduak. Irabazi eta lorpen militarrak eskuratzea da euren lehentasuna. Gainerakoa bigarren mailan geratzen zaie.
Gudetan, beti egon ohi dira elkarren aurka lehiatzen diren bi alde, gutxienez. Honek gerra beti bi aldeek sortua denik esan nahi ez duen arren. Ugariak dira tamalez alde batek diseinatu eta garatutako gerrak, non bigarren aldeak ez duen hauturik: etxe atarian guda batekin topo egitea edozeini gerta dakiokeen zoritxarrik garratzenetarikoa da.
Disenatzaileak potentzia indartsuak izan ohi dira, orokorrean eurak baino askoz ahulagoa denari egiten dietelarik gudarako gonbita. Gerraren erabilpena ohiko tresna izan da potentzia handientzat, euren agintea zein lurrak hedatzeko. Odolaren gainean eraikitako erreinu nahiz inperioak ugariak dira historian. Honekin nagusitasuna agertu nahi izan arren, gudak gizakiaren indarra baino, ahultasuna eta barne miseriaren erakusle dira. Ozenago hitz egiteak arrazoia ematen ez duen gisara, botere gehiago izateak ez du zertan arrazoia eman.
Gerra hautua egina duenetariko bat Estatu espainoleko agintari taldea da. Bere burua demokraziaren babesletzat azaldu arren, barne gatazkak konpontzeko aukera oro baztertu eta guda taktikak aplikatzen ditu, arazo politikoei erantzun militarra emanaz. Gerra, arlo guztietan eta guztiari: aniztasunari, justiziari, duintasunari, gizatasunari, etikari, askatasunari, pentsamenduari, bizitzari... bakeari. Zabaldu nahi duen mezua argia da: Eurek markaturiko joko esparrutik aldentzen saiatzen denak gogor ordainduko du. Beldurraren estrategia. Iragan beltzari omenaldia.
Hautu oker honen oinarrian, gainditu gabeko iraganaren pisua antzematen zaie; inperio eta konkisten garaiak ahaztu nahi ez izatearen ezintasunaren atsekabea. Gero eta handiagoa eta ilunagoa den bisaia ezkutatzeko, noiz arte balioko die betiko maskara txikiak? Ez da bakearen aldeko apusturik antzematen, ez da begirunearen kulturarik loratzen. Nahiz eta kalean bakea ezagutu nahi duen jendartea ikusi; elkarrizketa eta akordioak eskatzen dituena; liskarrez gainezka dagoena...
70eko hamarkadaren hasieran, bakean bizitzeko eskubidea zuen abesten Txileko herriaren ahots bilakatu zen Victor Jarak, geroxeago hil arte torturatua eta 44 balaz josia izan zen berak. Bakea, duintasunezko bakea aldarrikatzen dute oraindik ere Hego Amerikako indigenek. Gure egin ditzagun aldarrikapen hauek eta guztiontzako bakerako haziak ereiten hasi, Estatuak iragan mendeetako gerra politikarekin jarraitu arren.
Izan ere, testuinguru berrietara, aldaketetara ondoen egokitzen denak egingo du aurrera, ez indartsuenak edo handienak. Egokitzen jakin behar dugu, aurrera egingo dutenak gu geu izan gaitezen. Azken finean, ez da inoiz egon (ezta egongo ere) unea iritsi zaion ideia bat garaitu dezakeen armadarik... estaturik... gerrarik.
Badugu aukera.