GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

SEGA Bizkaiko finala

Intxaurbek 25 kiloko aldea lortuta jantzi du txapela

Garaileak oso gertu izan zuen une oro Atxa, eta amaierara arte, ebakitako belar guztia pisatu arte, ezin izan zen ezer erabaki. Gondra beteranoak amaitu zuen hirugarren.

Jon LEUNDA | ABADIÑO

Intxaurbek eskuratu zuen, atzo, Abadiñon, Basaguren jatetxeko belardietan jokatu zen Bizkaiko segalarien finala. Lau kirolarik eman zuten izena, eta amaieran 25 kilok erabaki zuten txapela. Horrenbestez, emozio handiagorik eskatzerik ez dago.

Belar ona prestatu zuten finalerako, eta eguraldia lagun izan ez bazen ere, jende ugari batu ziren saioa ikustera. Euri langarrak, ordea, belarrari pisua eman zion, eta hori amaierako emaitzetan ikus daiteke.

Lapazaranen eta Goioagatarren hutsuneak nahiko hanka motz utzi du Bizkaiko sega-jokoa, baina atzo lehian aritu ziren lautatik hiru gazteak dira, eta egindako lana ikusi ostean, itxaropenerako ate bat zabalik dagoela ezin uka.

Hasieratik amaierarakoa izan zen Intxaurberen eta Atxaren arteko dema. Bi kirolariek sailetan besteei aurrea hartu zieten, eta argi ikusten zen bien artean egongo zela txapela, eta bukaeran horrela izan zen.

Sailetan Intxaurbek aurrea hartu zuen, baina itxuraz Atxak belarra beheragotik ebakitzen zuen, eta horrek zalantzak sortzen zituen. Azkenean betiko erako sega-jokoan, ez du balio aurrera egitea bakarrik, belarra ebaki behar da, kiloak behar dira, eta, hori dela eta, amaierara arte ezin izaten da gehienetan garailea zein den jakin.

Atzo horixe gertatu zen, bien arteko dema handia izan baitzen, eta amaieran 25 kilo besterik ez ziren izan auzia erabaki zutenak.

Beste bi lehiakideak, Gondra eta Larrañaga, alegia, atzerago geratu ziren, eta garbi samar zegoen bi segalari hauek txapela lortzetik nahiko atzera geratuko zirela. Horrelaxe izan zen, bukaeran azkeneko bi postuak bete baitzituzten. Hala ere, Larrañagak lehen aldiz hartu zuen parte, eta berarengan ere itxaropena izan beharko da.

Zalantza ugari

Segalari bakoitzak ordubete izan zuen segan aritzeko, eta tarte horretan belar kilorik gehien ebakitzen zuenak lortzen zuen txapela. Intxaurberen eta Atxaren arteko dema, ordea, handia izan zen, eta dena bildu eta pisatzen ari zirenean, zaila zen nork irabaziko zuen iragartzea, nahiz eta zaleek Intxaurberen aldeko joera izan zuten gehienetan.

Amaieran horrelaxe izan zen, Intxaurbek eraman zuen txapela, baina Atxa oso gertu izan zuen, 25 kilo ez baita ezer, eta atzo egiten zuen eguraldiarekin, berriz, are eta gutxiago. Azkenean Intxaurbe izan zen alde hori lortu zuena eta beretzat izan da, ongi merezita gainera, aurtengo txapela.

Atzetik, hirugarren postuan, Gondra beteranoak amaitu zuen. Urtero bezala, aurtengoan ere ez du hutsik egin, eta hirugarren postuan amaitu baldin bazuen ere, txalo handi bat merezi du, urteak joan urteak etorri ez baitu hutsik egiten. Larrañaga gazteak, berriz, azkeneko postuan amaitu zuen, baina Arrazolakoak ere izango du ikasteko eta hobetzeko tenorerik, atzokoa baitzuen bere lehengo lehiaketa ofiziala.

Bizkaitarrik ez da izango Aizarnan, Euskal Herriko final nagusian

Gaur, 12.00etatik aurrera jokatuko da Euskal Herriko finala. Alabaina, bertan ez da Bizkaiko kirolaririk arituko.

Lau gipuzkoar, Lizaso, Arteaga, Goikoetxea eta Alkorta, eta nafar bat, Kanflanka, izango dira Aranburu baserriko belardietan. Horiexek eman dute parte hartzeko izena, eta horien artean erabakiko da urteko txapel nagusia .

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo