GARA > Idatzia > > Mundua

Konponbide politikoaren alde, «bakearen oinarriak» ezartzera deitu du Chavezek

Chavezek duela aste bat Kolonbiarekin etendako harreman diplomatikoak berrabiatu ditu, Kolonbiak bizi duen gatazkari irtenbidea bilatu nahian. Base militar estatubatuarren presentzia gaitzetsi eta konponbidea «politikoa» izan behar dela adierazi du.

p030_f01_148x116.jpg

GARA

Aurreko astean Kolonbiarekin harreman diplomatikoak eten ostean, Gustavo Marquez enbaxadore venezuelarra Bogotara itzuliko dela jakinarazi zuen ostiralean Venezuelako presidente Hugo Chavezek. Krisialdi diplomatikoari aurre eginez, Chavezek, Kolonbiaren eta Venezuelaren artean «bakearen oinarriak» bultzatzea jo du helburu nagusi.

Uribek AEBekin sinatutako akordio militarraren ondorioz eten zituen Chavezek Kolonbiarekin zituen diplomazia harremanak. Akordio horri esker, AEBek zazpi base militar ezarriko dituzte Kolonbian, orain arte Mantan, Ekuadorren, zeudenak ordezkatzeko.

Bakearen oinarriak

Kolonbiako gizarte mugimenduko hainbat lagunekin bildu zen Chavez ostiralean Caracasen. Besteak beste, Piedad Cordoba senatari kolonbiarra eta Alan Jara, otsailean FARCek askatutako Metako gobernari ohia, izan ziren Miraflores jauregian. Bilkura honetan jakinarazi zuen Chavezek Venezuelako enbaxadorea Kolonbiara itzuliko zela, eta «bakearen oinarriak» sortu beharraren garrantzia nabarmendu zuen.

Gauzak horrela, Kolonbiak bizi duen egoera estatu arazo gisa landuko dutela ohartarazi zuen Chavezek, eta gatazka konpontzeko bidea elkarrizketa dela gaineratu zuen. Alde horretatik, agintari venezuelarrak Uribek Latinoamerikako hainbat herrialdetan barrena egindako bira «mutua» salatu zuen, eta astelehenean Hego Amerikako presidente gehienak bilduko dituen UNASURen batzarrean egon beharko lukeela gaineratu zuen. Era berean, Uribek soilik presidentetza elkarrizketa egin dituela adierazi zuen, herriaren borondateari entzungor eginez.

AEBen base militarren presentziak gerra gehiago ekarriko duela adierazi zuen Chavezek eta gatazkaren konponbidea «politikoa» izan behar dela gaineratu zuen. Hori dela eta, «Kolonbiako bakearen aldeko venezuelarren fundazioa sortzeko proposamena» egin zuen Venezuelako presidenteak. Bestalde, Kolonbiarekin akordio batera iristeko saiakerak abiarazi behar dituztela jakinarazi zuen Chavezek, eta askatasuna soilik «batuta» lortuko dutela ohartarazi zuen.

Halaber, Lila Solano Justizia eta Bizitza proiektuaren zuzendariak bakearen aldeko kolonbiarren erakundeak «Latinoamerikako integrazioaren» aldeko biran dihardutela eman zuen aditzera. Gainera, kolonbiarren gehiengoa AEBen base militarren aurka dagoela nabarmendu zuen.

ESKAERA

Piedad Cordoba senatari kolonbiarrak «gatazkak izan ditzakeen ondorioen aurrean, behin betiko irtenbidea» bilatzeko eskaera egingo dio Kolonbiako Gobernuari astelehenean hasiko den UNASURen batzarrean.

bisita «mutua»

Aurreko astean Latinoamerikako hainbat herrialde bisitatu ditu Uribek, AEBekin sinatu duen akordio militarraren berri emateko asmoz. Horren aurrean, Chavezek UNASURen bilerara joateko deia egin dio.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo