Ignasi Mora izango da Hugoeneako maizter berria abuztuaren 17ra arte
GARA
Atzo hasi zuen egonaldia eta hilaren 17ra arte Ignasi Mora izango da Huguoeneako maizterra. Idazle valentziarrak eskuartean duen lana ontzeko baliatuko du Pasai Donibaneko egonaldia. Egileak berak iragarri duenez, lan lanak «L'intern» du izenburua, eta autobiografia nobelatua da. Morak hamahiru-hamalau urte zituela jesuiten barnetegi batean bizi izandakoak ditu oinarri.
Ignasi Mora Gandian jaio zen, 1952an. Kultur alorrean, era guztietako lanak egin ditu: editore, kazetari, irratiko eta telebistako esatari, aholkulari eta beste. Literaturan, berriz, batez ere ipuingintzan eta nobelagintzan nabarmendu da. Horren adibide dira «Les veus de la ciutat» eta «Les veus de la família». Bere kontakizunak, askotan, bere jaioterrian girotutakoak dira, Gandian, alegia. Bertako gizartea modu errealista eta adierazkorrean islatzen du. Hugoenea Pasaiako Udalak eta Euskal Idazleen Elkarteak elkarlanean abiatutako ekimena da. Hitzarmen baten bidez, Udalak etxebizitza txiki bat utzi dio EIEri, Donibanen. EIEk euskaraz edo eremu urriko beste hizkuntzatan (katalanez, galizieraz, bretoieraz, frisieraz...) lan egiten duten idazleen zerbitzura jarri du. Bertan hamabost bat eguneko egonaldiak egiten dituzte idazleek, literatur sorkuntza sustatzea helburu.
«Estatuaren babesik ezak, batetik, eta, bestetik, eremu zabaleko idazleak hobesten dituen merkatuak desabantaila nabarmenean jartzen dituzte eremu urriko idazleak. Hugoenea, bere apalean, desabantaila hori leuntzen laguntzeko tresna izan daiteke», esan du EIEko lehendakari Fito Rodriguezek.
Ekimenaren izenak berak, Hugoeneak, badu zergatia; izan ere, Idazlearen Etxea Victor Hugok ostatutzat hartu zuen hartatik oso gertu dago. Hugoenea Victor Hugok hasi zuen bidearen jarraipena izan daiteke, Pasaiako Udaleko ordezkarien ustez.