ataques al derecho de manifestación
Ares tematu arren, elkartasuna ez dela delitu diote Gasteizen
GARA
Ertzaintzak atzo, beste behin ere, Gasteizen euskal preso politikoen irudiak kendu zituen. Horren harira, makina bat gasteiztar bizilagun dituzten presoen argazkiak hartuta agertu ziren komunikabideen aurrean, Aresek zuzentzen duen poliziak jaietan egindako oldarraldiak salatzeko.
Goizeko lehen orduan gainera, txosnak itxita eta txosnagunea erabat hutsik zegoenean, Ertzaintza hainbat telebista kameraz lagundurik jaien erdi-erdira bertaratu eta presoen argazkiak, pankartak eta kartelak kendu zituen. Presoekiko elkartasun mezuak ezabatzeaz gainera, bidean aurkitu zituzten pankarta guztiak kendu zituen amorruz Polizia autonomikoak; horien artean Ikasle Abertzaleak ikasle mugimenduarenak eta Askapenarenak zeuden, albistegiek ondo azaldu zuten bezala.
Txosnaguneaz gainera, hiriko alde zaharrean dagoen gaztetxera ere joan zen Ertzaintza atzo goizean; jai giroan eta jendez beteta zegoen poliziak iritsi ziren unean. Gaztetxean sartu eta bertan jarria zegoen euskal preso politikoen aldeko pankarta kendu zuen Ertzaintzak, eta, horrez gain, bertan zegoen pertsona bat eraman zuen. Bertan zirenek ordea, ez dute ezagutzen poliziak eramandako laguna.
Identifikazio ugari
Haserre agertu ziren ondoren, eguerdi aldean, komunikabideen aurrean gasteiztar ugari, eta azken egunotan Euskal Herriak bizi duen «paranoia errepresiboaren testigu» izan direla adierazi zuten. Jaiak abiatu zirenetik atzokoak ez dira euskal presoekiko elkartasunaren aurka Gasteizen jazotako lehen gertakariak. Hasteko, asteazkenean bertan txupinazoan gertatu zen «jazarpena» eta Andre Maria Zuriaren plazan izandako «okupazio poliziala» salatu zuten prentsaurrekoan, bertan identifikazio ugari egin zituztela nabarmenduta.
Jazarpenak ordea, ez zuen ekidin Jon Anzaren, ia lau hilabete desagerturik daraman euskal militantearen, irudia presente egotea, ezta euskal presoen sakabanaketaren salaketa ere argi ikusaraztea.
Txupinazoan gertatu bezala, poliziak txosnagunea zein hiriko alde zaharra behin baino gehiagotan okupatu duela salatu zuten, eta bertan jarriak ziren argazki, pankarta eta kartelak amorruz kendu zituztela ere adierazi zuten. Jai egun hauetan gainera, polizia «une oro» jendea identifikatzen aritu dela salatu zuten.
Agerraldian azaldu zutenez, presoekiko elkartasun mezuez gain, ertzainek Remi Aiestaran Villabonako zinegotzi independentistaren heriotza salatzen zuten kartelak ere kendu zituzten.
Hainbat komunikabidek presoekiko elkartasuna adierazi duten blusa eta nesken koadrilen kontra abiatutako kriminalizazio kanpaina ere gaitzetsi zuten hedabideen aitzinean.
Hamar gehiago
Dena dela, jaietan bete-betean ziren gasteiztarrak elkartasun adierazpen eta mezuen kontrako «gurutzada» salatu, eta elkartasuna ez dela delitu argi adierazi zuten komunikabideen aurrean. Era berean, Rodolfo Ares sailburuari zein Ertzaintzari argi adierazi zioten kentzen duten presoen argazki bakoitzeko beste hamar jarriko dituztela.
Aurrerantzean ere, dispertsioa sufritzen duten lagun eta senideekiko elkartasuna helarazten jarraitzeko «konpromiso irmoa» dutela berretsi zuten bildutako lagunek, eta euskal herritar orori, haiek bezala, errepresaliatuekiko elkartasuna helarazten jarraitzeko deia egin zioten.