GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Lehen lerroan

Frantses kolonialismoaren aitzinean ez dira denak amore emateko prest. Hemen argi baldin bada frantses Gobernuak irabazi sozialak hankaz gora jarri nahi dituela, uharteetan menpekotasuna azkarrago zaindua izan den tokietan erantzunak ozenago egiten dituzte

Palestinako aktualitatea zertan den ez dakigu. Israelek eragin desmasiez, hilketez, sarraskiez ez dugu berririk. Kazetariek lurraldea ez dutela ezagutzen ematen du. Txetxenia? Zerbait gertatzen ari den ere ez dakigu. Lurralde askotan ikara, tortura, injustizia eguneroko ogia dela ezabatzen da. Gero eta gehiago, aktualitate birtuala sortzen digute, hatza jartzen dute ikusi behar dugunaren gainean, gure interesa zertan kokatu behar dugun erabakitzen dute. Oporretarako aktualitatea egokitzen dute gainera, pausatu behar dugu, sartzerako antolatzen diguten menpekotasunean ederki bizitzeko.

Noski, gertakari batzuek ihes egiten diete, Kanakian gertatu den bezala. Baina, egunkarien armada, ehunka artikuluren bitartez, gertakariaren gainean jarri dute eta ziurtatu digute dena bere onera itzuli zela. Tanketak atera zituzten hala ere, ez baitzen lehen aldia aurten uharteetan mugimenduak bultzatuak zirela, ihardukitze determinatua erakutsia zela frantses Gobernuaren autoritarismo zaharrari, uharteetan kokatuak dituen autoritate publiko eta pribatuen aurrean. Frantses kolonialismoaren aitzinean ez dira denak amore emateko prest. Hemen argi baldin bada frantses Gobernuak irabazi sozialak hankaz gora jarri nahi dituela, uharteetan menpekotasuna azkarrago zaindua izan den tokietan erantzunak ozenago egiten dituzte.

Abuztuaren hastapena zen, 1983an, Leonen, Landetan tiroketa bat izan zen eta IKko euskal militante bat, Popo Larre, desagertu zen. Hogeita sei urte berantago ez dugu berririk. Ez dakigu zer gertatu zitzaion. Orduan, Frantzia demokratiko horretan, frantses Gobernuak Rainbow Warrior zartarazi zuela eta kazetari bat hil zela gogoratzen dugu. Ouvean, 1988an, maiatzean 19 kanakiar hil zituztela bahiketa baten ondotik, lau urte lehenago hamar militante independentista hil zituzten bezala, hiltzaileak askatu zituztelarik bi urte berantago egin zuten auzian. Zerrenda luzea da frantses Gobernuaren zintzotasuna neurtu nahi delarik, arazo politikoak konpontzeko hartzen dituen bideak begiratzean.

Allande Sokarrosek Poporen aldeko blogean Popo atzemateko lanetan aitzinatzeko zailtasuna agertzen du, ahanzteko erraztasuna. Zer egin aktualitatearen lehen lerrora ekartzeko? Izan ere, hemen egin dugun gogoetan aktualitatea zer izan behar den planifikatzen digutela diogu. Baina, autodefentsa intelektuala ere praktikatzen dugu. Eta bestelako aktualitatea jarraitzen dugu. Horretan Poporen desagerketa lehen lerroan dugu, Naparrarena bezala, Perturena, eta Jon Antzarena. Ez baitugu zalantzarik Estatuak askapen mugimenduak baino azkarragoak direla, maltzurragoak. Propaganda egiten badakitela eta diru asko jartzen dutela susmoak hedatzen.

Ideala badugu, herri honen askatasunaren alde lanean jarraitzen dugu, badakigu desagerrarazi dituzten gazte horiek herri honen askatasunaren alde ari zirelako eraman zituztela. Goiz edo berant egia azaltzen da. Ez gaituzte engainatuko, Popo, Naparra, Pertur eta Jon bilatzen jarraituko dugu, gu bezalakoak baitira, herri honen maitaleak. Badakigu estatuen praktiketan desagerketak arma izaten jarraitzen duela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo