GARA > Idatzia > > Kultura

Hilarrien biziaren eta historiaren berri ematen duen interpretazio zentroa

Larzabalen disko-formako hilarrien eta euskaldunen hilobi-artearen interpretazio zentroa kudeatzen du Lauburu elkarteak. 2007tik irekia dagoen museo honetan Belloceko abade etxean zegoen bildumaz gain, hainbat udalek emandako hilarriak biltzen dira, ulermena laguntzen duen informazioarekin batera.

Idoia ERASO

Harriei eta hilarriei buruzko lana egiten dugu, ez heriotzari buruzkoa, bizitzari buruzkoa baizik, istorio bat kontatzen duena», esan zuen Lauburu elkarteko kide Claude Labatek Larzabaleko zentroan egiten den lanaren inguruan. Zentroa ez da «beste museo bat», gizartea arte herrikoira hurbiltzen duen tokia baizik. Bisitariak, sartu eta berehala, Iratzederrek idatzi olerki batekin egiten du topo, eta ondoren kanpoan diren hilarriak edo barnean diren bideoak ikusiz eta testuak irakurriz hasi nahi duen erabaki dezake. Norberak aukeratzen du lanak ze ikuspegitik begiratuko dituen: estetikoa, teknikoa, etnografikoa, sinbolikoa, espirituala... Hogeita lau orduz irekia da eta bisitariaren esku dago zer eta noiz ikusi, giltzak Herriko Etxean edo inguruko saltegietan eskatzea besterik ez du egin behar.

1950eko hamarkadan Belloceko abadiako Marcel Etchehandy abadeak babestuak ez zeuden hilarriak bildu zituen kultur ondarea babesteko xede argiarekin. Berrogei urte geroago ingurumenak harrietan eragiten dituen hondatzeen ondorioz, abadeek Lauburu elkarteari hilarrien ardura hartzea eskatu zioten, baina ondarea Nafarroa Beherean eta toki babestu batean ezartzeko baldintzarekin. 1970eko hamarkadaz geroztik, elkarteak harri borobilen sailkatze lana hasia du, eta 1980ko urteetan heriotzari buruzko Iparraldeko errituen bilketa ere egin zuen.

Belloceko bildumatik abiatuta, beste hainbat herritako hilarriek eta gurutzeek aberastu dute bilduma, izan ere, gordailu ere bada Larzabaleko zentroa. Toki mugatua du eta jadanik txiki gelditu da: «Herriko etxe askotatik dei egiten digute beraien herrietan hondatzen ari diren hilarriak jaso ditzagun, baina ez dugu tokirik», esan zuen elkarteko kideak.

Zentroa sortu duen elkarteak argi utzi nahi du ez dela hilerri zahar baten birmoldaketa, zentro bizia baizik. Hala ere, kanposantuetan egiten zen legez, orientazioa zaindua dago, ekialderanzko norabidea errespetatzen du. Horri esker, harrietako zizelkatzeek argiarekin sortzen dituzten jokoak hunkigarriak dira.

Jatorri geografikoaren arabera taldekatuta daude, horrela Ipar Euskal Herrian «ehortz artean dagoen aniztasun eta aberastasuna argi ikusten baita», esaten du erakusgaien ondoan den idatzietako batek. Esaterako, Zuberoako hilarriak txikiagoak dira eta gutxitan ikusten da pertsona baten irudia bertan. Ezberdintasun horren arrazoia emateko Labatek honela esan zuen: «Beharbada hango harria zizelkatzeko zailagoa da». Ezpeleta, Kanbo eta Larresoro aldean, aldiz, taula-formakoak egiten zituzten, baina Lauburu elkarteak ez du horren arrazoirik aurkitu.

Geografiaren araberako antolaketak artelanak ulertzeko edo barneratzeko era bat proposatzen du, baina horren atzean zegoen errituari begiratzeko parada ere eskaintzen da barnean aurki daitezkeen azalpen eta bideoen bitartez, hau da, hurbilpen etnografiko edo espiritualagoa. Bisitarien aukera askatasunaren filosofiari jarraiki, kanpoko erakusketan ia ez da informaziorik eskaintzen, aldiz, barnealdean orduak pasatzeko argibideak eskaintzen dira.

Hilarriak biziaren sinboloek janzten dituzte, eguzkia irudikatzen dute eta izadia dute apaingarri hartzen. Artearen eta zientziaren arteko ezkontza dira hilarri borobilak. Sinbolo astronomiko asko atzeman daitezke, gizakiaren eta kosmosaren arteko lotura aintzat hartzen duen euskal mitologiarekin bat eginez. Labatek nabarmendu zuen beste tokitan ez bezala Euskal Herriko hilarrietan ez dela sinbolo makabrorik aurkitzen, hau da, ez da buru-hezurrik edo negarrez dauden aingeruak ikusten.

«Gure elkartean hilarriaren forma eguzkiaren irudikapentzat hartzen dugu. Ondorio horretara heldu gara diskoa eguzkiaren arabera orientatua dagoelako eta dekorazioa ere distiraren formakoa delako. Dekorazioa beti erdialdetik hasten da eta kanpoaldera egiten du», azaldu zuen ikerlariak. Heriotzarekin loturiko errituetan ere borobila da forma nagusia, ehorzketa gainjantzia borobila zen eta euskal kulturan zirkulu forma hartzen duten dantzak oso sinbolo garrantzitsua dira.

Lurra, eguzkia, izarrak eta natura agertzen dira hilarrietan, lehengo sinesmen herrikoien isla. Lapurdi eta Zuberoa artean XVI. eta XVII. mendeetan elizen barnealdean erretaula barrokoak atzematen ziren bitartean, kanpoaldeko artelanak kristautasunaren aurreko sinesmenen ikurrekin jantziak zeuden. «Emakumeak izaten ziren hileta errituak egiten zituztenak eta erlijio ofizialaren ondoan etxeko ohiturak atxikitzen zituzten», nabarmendu zuen ikerlariak. Ehun urte geroago gurutzea heldu zen hilerrietara eta XIX. mendea hilarrien garaiaren bukaera izan zen.

Harriarekiko errespetuak eta babes nahiak estalgune bat jartzera behartu ditu guneko sortzaileak. Belloceko abadeen baldintzetako bat izateaz gain, Lauburukoek teilatuaren beharra argiki ikusi dutela nabarmendu zuen ikerlariak: «Harriak gaixo daude».

Ikerketa eta zaharberritze lana ere egiten dute zentroan. Harriak zatika erortzen ari dira, geruzaka banatzen doaz eta kanpoko zatiak askatzen dira. «Harriak gaixo daude gaur egun erabiltzen diren ongarriengatik, fosfatoek euria kutsatzen dute eta gero harrietan sartzen denean hautsi egiten dituzte», eman zuen jakitera Labatek.

Orain harri huts gisa agertzen badira ere, lehen gurutze eta hilarri guztiak margotzen zituzten. «Pigmentuak atzeman ditugu zenbait harritan», jakinarazi zuen Claude Labatek. Karea ematen zuten harrien gainean eta ondoren beltzez edo gorriz nabarmentzen zituzten harrian irudikatutako sinboloak. «Beharbada horrek babesten zituen», gaineratu zuen ikerlariak.

Ipar Euskal Herrian 3.000 bat hilarri zahar gelditzen dira, narriaduraren ondorioz asko suntsituko badira ere, zentro honi esker gutxienez ehun bat babestuko dituzten esperantza agertu du Lauburu elkarteak. Larzabalekoez gain, Bilboko Euskal Museoan ere hainbat hilarri gordeak dituzte. Elorrion den Argiñetako nekropolian ere IX. mende inguruko bost hilarri gordeak dituzte hogei hilobirekin batera.

Hego Euskal Herrian, Aragoin, Bearnoan eta Gaskoinan ere hilarri borobil batzuk badira oraindik, nahiz eta gutxi izan. Europako beste herri batzuetan ere bada mota honetako hilobi arterik. Neurri txikiagoan bada ere, Lituania, Irlanda, Norvegia, Luxenburgo, Portugal eta Ingalaterra dira hilarriak dituzten beste herrialdetariko batzuk. Horren zergatia horrela adierazi zuen elkarteko kideak: «eguzkia sinbolo unibertsala da».

Ehorzketa errituek, aldiz, Euskal Herriko berezitasunak erakusten dituzte. Etxe batean norbait hilzorian zegoenean etxeko teila bat kentzen zen, eta norbait hilobiratu eta gero, familiaren hilobiaren gainean argizaria erretzen zen. Etxearentzat zuen garrantziagatik norbait hildakoan erleei ere horren berri ematen zitzaien eta beraiek ere dolua egiten zuten. Ohitura hau, berriz, Europa guztian omen zegoen.

Emakumeak etxeko elizjendea ziren. Ehorzketetan kantatzen ziren poemak emakumeek eginak izaten ziren. Euskal Herriko usadioak ezartzen zuen legez, etxea zen garrantzitsuena eta heriotzak ez zuen eraginik horren gainean.

Larzabale herriaren aukeraketa ez zen edonola egin, abadeen baldintzari jarraiki, ez zegoen ondarea kostaldera eramaterik, horrela hain turistikoa ez den barne alderdiaren garapena laguntzeko. Done Jakue bidean dagoen Larzabale Zuberoa eta Nafarroa Beherearen arteko gurutzagune batean dago.

Denboraren poderioz gero eta ezagunagoa den interpretazio zentroak urte osoan hartzen ditu bisitariak, bai taldeak, baita banaka etortzen diren pertsona edo familiak. Lehengoari begiratuta, etorkizuna eraikitzeko bidea eskaintzen duen toki honek gure historia eta gure arbasoen istorioak gordetzen ditu bere baitan, bere balioa agerraraziz. Euskal Herriko jendearentzat pentsatutako tokia da, gure historia ezagutaraztea xede duena. «Bizitza historiaren txinparta iheskor baten parte bat da».

Artisau familia bakoitzaren estiloa islatzen duten lanak

«Hilarriak egiteko teknika aitek semeei erakusten zieten, gehienetan neguan lan gutxiago zuten nekazariak izaten ziren artisauak». Hitz horiekin azaldu zuen Claude Labat Lauburu elkarteko kideak zizelkatzearen jakituriaren transmisioa. Museoaren antolaketari esker, toki bakoitzean harria lantzen zuten familia ezberdinen ezaugarriak ikus daitezke.

Fitxa

Tokia: Larzabalgo herriko plazan.

Ordutegia: 24 orduz eta 365 egunetan zabalik (giltzak Herriko Etxean edo inguruko saltokietan eskatu behar dira).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo