GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Euskal presoen askatasuna aldarrikatu dute Belfasten, haien argazki eta guzti

Euskal preso politkoei elkartasuna helarazi eta presoei eskaintzen zaien babesak sufritzen duen kriminalizazioa salatzeko Belfast Basque Solidarity Committee sutengu komiteak manifestaldia egin du Belfasten, 750 euskal presoen irudiak karrikaratuz.

p015_eh2.jpg

GARA |

Irlandako preso errepublikano ohiek euren elkartasuna erakutsi diete euskal preso politikoei, eta atxikimendu keinu hori gainera, Euskal Herrian polizia indarren jomuga diren argazkiak Belfasteko kalera ateraz egin dute.

Asteburu honetan Belfast mendebaldeko Feile an Phobal festibalaren baitan egin du manifestazioa Belfast Basque Solidarity Committee sostengu komiteak. Manifestazioan Euskal Herriko kale ugaritan ikus daitekeen eta preso guztien argazkiak agertzen dituen Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren kartela izan da pankarta gisa erabilitakoa. Bertan `askatasuna' hitza agertzen zen euskaraz eta gaelikoz, «Irudi batek mila hitz baino gehiago balio du. Amaitu Euskal Herriko kriminalizazioa» leloarekin batera.

Coiste preso errepublikano ohien elkarteko zuzendari Michael Colbertek hartu zuen hitza manifestazioa abiatu aurretik. Hitzaldian euskal preso politikoei bere sostengua adierazi zien, preso kopurua oso handia dela nabarmentzeaz gain. Euskal Herrian presoen argazkiak erakustea debekatuta dagoela jakinarazi zien bildutako irlandarrei eta Belfasten egindako ekitaldia Euskal Herrian eginda kartzela zigorra jaso daitekeela salatu zuen.

Hamarka lagunek parte hartu zuten Belfasteko manifestazioan eta partaideen artean, besteak beste, Long Keshen preso errepublikanoen azken ordezkari Jim McVeigh eta Robert Russel Belfastera estraditatutako lehen presoa izan ziren.

Presoei elkartasuna helaraztean gainera, Irlandan bizi diren Iñaki de Juana Chaos eta Arturo Villanueva euskal herritarren aurkako euroaginduak ere salatu zituen, eta Irlandar bake prozesua sostengatzen duten bi euskaldun hauek beraien herrian halakorik egiteko aukera ez izatea «lotsagarria» dela adierazi zuen Colbertek. Irlandarrek De Juanaren eta Villanuevaren auzia gertutik ezagutzeko beta izango dute larunbatean Euskal Herriarekiko sostengu komiteak euroaginduen inguruko hitzaldia antolatu baitu.

Euskal Herrian, bestalde, 500 lagunek manifestazioa egin zuten Amurrion, herriko jaien bezperan. Atzo berriz, 24 batu ziren Iurretan; 25 Ataunen eta Zaldibian eta 65 Ondarroan.

Argazkiak ikusgai

Euskal Herriarekiko elkartasun komite honek Euskal Herriari buruzko argazki erakusketa bat jarri du ikusgai Belfasten jaialdiak iraun bitartean

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo