GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Aizarnako erretorea eta herritarrak epaitegietan, auziak konpondu nahian

«Ez al luke erretoreak herritarren alde egin behar?», diote Aizarnako bizilagunek. Ia 40 urtean herritarrek erabili duten Errotoko etxean, erreto- reak etxebizitzak egin eta saldu nahi ditu. Gotzaitegiak euren jabetzekin nahi dutena egingo dutela argitu die.

p018_f01_63497.jpg

Janire ARRONDO

Eztabaidarik ez da falta azkenaldian Aizarnan. Zestoako auzo txiki honetako kultur elkartea eta herriko erretorea adostasunera ezin iritsi dabiltza. Zalapartaren erdi-erdian Errotoko etxea dago; azke- nean, honen etorkizuna epaitegietan erabakiko dute.

1971. urteaz geroztik, legez parrokiaren jabetza den Errotoko etxean du egoitza Aitzbarna kultur elkarteak. Gaur arte, inongo arazorik ez da izan bi aldeen artean; orain ordea, herriko erretore Prudentzio Auzmendik «beste proiektu batzuk» ditu eraikin horretarako. Elkartekoek, aldiz, erretore-etxea «herriaren ondare» dela defendatzen dute; horregatik diote: «Herriak egina, herriarentzat».

Kultur elkarteko kideen esanetan, Auzmendik 2007ko irailean, ezohiko batzar batean, eman zien bere asmoen berri. Bilera hartan hitz egindakoaren arabera, eraikinean erretorearentzako etxea eta saltzeko beste hainbat etxebizitza egiteko asmoa zuen.

Kultur elkartekoen ustez, «proiektu honek ez du inolako justifikaziorik, Aizarnan dagoeneko ba delako apaizetxea, erretorearen egungo bizilekua». Gainera, «herri ondarea pribatizatzea zentzugabekoa da» euren hitzetan. Auzitan den erretore-etxea legez parrokiarena izan arren, herritarrek eraikia dela diote Aitzbarnako bazkideek, beraz, argi dute, «Aizarnak behar duen kultur etxeak hor izan behar du».

Egoera honetan, batzorde berri bat sortu zuten aizarnarrek, Errotoko kultur etxe bihurtzeko asmoz. Orain gutxi, gainera, Aizarnako Elizako batzordeko hainbat kiderekin ere harremanetan jarri dira. Hasteko, Aitzbarna elkartearen proposamenak zenbaterainoko oniritzia zuen jakiteko sinadura bilketa egin zuten. Horrela, aizarnarren %80k erakutsi zuen aldeko jarrera; emaitza horiek Udalean aurkeztu zituzten.

Zestoako Udalak, auzia konpontze aldera, auzoan den eskola zaharreko eraikina eskaini zien Aitzbarnakoei. Elkarteko kideek, ordea, eskola zaharreko eraikina parrokiak hartu eta etxebizitzak bertan egin zitzan proposatu zuten, eta Errotoko etxea beraiei utz ziezaietela.

Elkarteko kideek legez ez dute eraikinean inolako konponketa lanik egiteko eskubiderik, jabearen baimena izan ezean. Aitzbarnakoek, ordea, etxearen «egoera kaskarra» ikusirik, «aldaketa txiki» batzuk egin zituzten: harraska aldatu, armairu berriak jarri eta paretak txukundu.

Azurmendik, azkenean, konponketa horiek aitzakia harturik, epaitegietarako bidea hartu zuen, eta uztailaren hasieran Aitzbarna elkartekoek epaiketarako deia jaso zuten Azpeitiko auzitegitik. Elkarteko kideek, ezohiko batzar batean, «orain arteko bideari eustea» erabaki zuten eta ez ziren epaiketara agertu.

Auzmendi erretoreari, bestalde, behin eta berriro eskatu diote elkarteko bazkideek parrokiako batzordearekin bilera bat egiteko, «baina, hark beti ezezkoa eman digu», diote. GARAri ere ez dio gai honen gaineko azalpenik eman nahi izan erretoreak, eta epailearen erabakiaren zain jarraituko du.

Egoera honetan, auzia Zestoako Udala eta Gipuzkoako Gotzaitegiaren artean konpontzea beharrezko ikusi zuten Aitzbarnakoek.

Gotzaitegian ezezkoa

Uztailaren amaieran, Zestoako alkate Alazne Olaizola eta Aitzbarna elkarteko hiru kide, abokatu batek lagunduta, Gipuzkoako Gotzaitegiko ordezkari Jose Maria Madinarekin elkartu ziren. Aizarnarrek argi zuten euren jarrera; «ez dugu herriko ondare den eraikin bat esku pribatuetara pasatzerik nahi».

Aizanarrek diotenez, Madinak, «argi utzi zuen ezinbesteko baldintza dela apaizetxea hor kokatzea». Elkartekoen abokatuak, ordea, epaia ateratzean ez betetzeko eskatu zion Artzapezpikutzari, horretarako bost urteko epea duela eta bitartean akordioren bat bilatzen saiatuko zirela-eta. Hala ere, «Artzapezpikutzaren proiektuek eta euren baldintzek negoziaketetarako bidea erabat ixten dute», kexatu dira Aitzbarnako kideak.

«Madinaren jarrera irmoa ikusirik», elkartekoek eliza berritzeko obrak ere herritarren diruarekin egiten zirela esan zioten Gotzaitegiko ordezkariari. Hark, ordea, herritik gutxi jasotzen zela argitu zien, dirua Aldunditik zetorrela. Hala, honakoa galdegin zioten aizarnarrek Madinari: «Nondik ateratzen du ba Aldundiak dirua, herritarren poltsikoetatik ez bada?».

Bilera inongo akordiorik gabe amaitu bazuten ere, Aitzbarna elkartekoek argi utzi zuten: «Ez gara eskuak gurutzatuta geratuko eta negoziaketa baterako bideak jorratzen jarraituko dugu». Gipuzkoako Artzapezpikutzakoek aldiz, ez diote GARAri gai honen inguruko euren asmoen berri eman nahi izan.

Kontuak kontu, epailearen erabakiaren zain daude aizarnarrak. Oraingoz, irailaren 21ean jarria dute Errotoko uzteko data.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo