GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora

Larretxea-Mindegia, denen gainetik

p036_f02_111x111.jpg

J.L. | DONOSTIA

Donato Larretxeak indartsu jarraitzen du, eta bi egunen buruan bi torneo irabazi ditu. Larunbat eguerdian Gasteizen bereganatu zuen bertako Irekia, eta igande ilunabarrean, berriz, Sunbillan, Latasaren omenezko sariketa irabazi zuen, nahiz eta bi lehiaketak binakakoak izan diren. Larunbatekoa Rodriguezekin batera irabazi zuen eta igandekoa, aldiz, Mindegiarekin.

600 ikusle baino gehiago bildu ziren Sunbillan Latasaren omenezko lehiaketa zuzenean jarraitzeko asmoz, eta zaleek gozatu ederra hartu zuten, bai maila nagusiko lehiaketa, bai eta gazteen mailakoa ere bikainak atera baitziren.

Helduen mailakoak, gainera pizgarri berezi bat ere bazuen, Mindegiak eta Larretxeak elkarrekin jokatzekoak baitziren. Ez da ahaztu behar, bi hauek elkarren aurka jokatzeko apustu bat hitzartuta dutela datorren udazkenerako, eta lehiaketa honetan biak batera ikusteak bazuen zirrara berezi bat.

Gainera, bi beteranoek lan bikaina egin eta garaipena eskuratu zuten. Biko bakoitzak proba ezberdinak egin behar izan zituen, eta amaieran Larretxea eta Mindegia izan ziren onenak. Lan guztiak burutzen, 34 minutu eta 33 segundo behar izan zituzten. Bigarren postuan, berriz, Nazabal eta Etxeberria sailkatu ziren. Bi nafarren denbora, berriz, 36.10ekoa izan zen. Eta azkeneko postuan geratu ziren Arrospide eta Arria; horien denbora 38.18 izan zen.

Gazteen saioa ere izan zen, hiru bikoterekin, eta garaile Saralegi eta Atutxa II.a izan ziren. Bizkaitarra besteen gainetik agertu zen, baina Saralegiren lana ere bikaina izan zen. Leitzako gazteak itxura bikaina eman zuen. Goi mailan aritu zen bestea Mugertza II.a izan zen. Mutrikuarrak ere oso lan ona egin zuen, baina bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

Garaile, Saralegi eta Atutxa II.a atera ziren. 23.51 izan zen haien denbora. Bigarren postuan, berriz, Erasun eta Mugertza II.a sailkatu ziren, eta 26.54ko denborarekin. Hirugarren postuan, Larretxeak eta Rekondok amaitu zuten, eta haien denbora, berriz, 27.43 izan zen.

Urrezko Aizkora

Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligan saio ugari izan dira asteburuan. Larunbatean, Mioñon, Kantabrian, Nazabal nagusitu zen, Larretxearen eta Azurmendiren aurretik. Herenegun, Bastidan, berriro ere Nazabal izan zen onena Lopezen eta Azurmendiren aurretik, eta atzo Sodupen, Larretxea nagusitu zen Arrospideren eta Azurmendiren aitzinetik. Bizkaiko Irekian, berriz, Lopez eta Mendieta finalerdietarako sailkatu ziren, Azurmendiri eta Zubiagari irabazita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo