GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Mailua eta iltzeak Afganistanen

Talibanei laguntzen (omen) dietenei bakarrik iritsiko zaie zeruko mailukada. Bestela, jakina, Karzairen gotorlekua ere bonbardatu beharko litzateke, agian, haren anaiaren bila

Dotorezia gehiegitxorekin agian, Abraham Kaplan filosofoak «lanabesaren legea» deitu zion duela urte asko. Baina arrunki «mailua eta iltzeen ikusmoldea» deitzen duguna litzateke funtsean. Badakizu: «Mailua beste lanabesik eskura ez duzunean, edozein arazori hartuko diozu iltze tankera». Eta, jakina, mailuak iltzeen gorabeherak «konpontzen» dituen eran ekingo diozu arazoari zeure tresna bakarrarekin. Ume-pentsamolde tolesgabearen adierazpen-hedapena litzatekeela deritzote batzuek, baina ez nago ni horren ziur, ikusten dudalako helduen (eta oso helduen) artean zein maiz kausitzen den, eta zein gutxitan haurren artean (hauengan, kontrakoa, lanabes desegokia «egokitzen» saiatzea askoz ohikoagoa izaten dela esango nuke).

AEBek egun Afganistanen eta Pakistanen darabilten estrategiaren laburpen ezin hobea da, edonola ere. «Mailua», kasu honetan, drone deitzen da arrunki, edota UAV (unmanned aerial vehicle) argot militarrean; hots, piloturik gabeko hegazkina. «Iltzeak», jakina, airetik ikusita iltze itxura fisikoa ere izango duten tipo bizardun eta durbantedun batzuek, ia beti eskuetan armaren bat dutenak; talibanak, mujahidinak, militanteak, nahierara dei zenitzake... arazoa ez datza hitzetan.

Arinkeria izango litzateke egun AEBen estrategia hori zuzentzen duten bi arduradun gorenen kumea dela esatea; Obamak aurtengo urtarrilean Richard Holbrooke Afpak-erako mandatari berezi izendatu zuenerako, eta zer esanik ez, ekainean McChrystal jenerala bertaratu zenerako, martxan zegoen dena. Baina biek gogotik bultzatu dute lehendik zetorren jokamoldea, eskura duten kontrainsurgentziako lanabes eraginkor bakarra bihurtzeraino: auskalo nola lortutako argibideen arabera, «iltze» garrantzitsu bat lekutzen denean, hara doa drone bat bere misil mailukada jaulkitzera... hala-moduzko zehaztasunez. Gehienetan «iltzearekin» batera ingurukoak (haur, emazte eta tartedikoak usu) erortzen baitira. Hasieratik dena iruzurra, informazio okerraren bitartezko mendekua, demagun, ez denean. Pakistango Tehrik-i-Taliban erakundeko buruzagi militar nagusia omen den Baitullah Mehsuden kasua litzateke azkenetakoa, baina eguneroko kontua da. Eta ezin sartuko gara huskeria moralak tematzen zintzoak zein diren (eta, errebotez, gaiztoak zein) hain garbi omen dagoenean... Ala ez?

Mailu-iltze estrategia honen azken garapena, gaurkoz, arestikoa da: AEBek «zerrendaren gorenean» (beraz, mailukada jasotzeko lehentasuna izango dutenen artean, hemendik aurrera) ipini bide dituzte Afganistango opio salerosketaren atal garrantzitsuak kontrolatu eta talibanei laguntzen dietenak. Kontuan har ñabardura: talibanei laguntzen (omen) dietenei bakarrik iritsiko zaie zeruko mailukada. Bestela, jakina, Karzairen gotorlekua ere bonbardatu beharko litzateke, agian, haren anaiaren bila. Eta gainera oso garestia izango litzateke Afganistango opio salerosle guztiak misilka akabatzea...

Misilak eta droneak egiten dituztenak oso pozik egon behar dute estrategia (?) honekin. Afganistan edota Pakistanen etorkizunaz arduratzen den edonor, nekez. Iltze izan gabe ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo