Igor Estankona Idazlea
Mugak, identitatea, hizkuntza eta abar
Bakar egiten gaituen eta besteengandik bereizten gaituen ezaugarri eta informazio multzoaz ari gara «identitateaz» ari garenean. Eratu egiten den identitate horren bitartez, norbait garela ematen du, baieztatu egiten diogu geure buruari, hain zuzen, «diogun hori garela».
Norbait izateak ematen digun segurantza eta itxurazko plazer hori talde-jardueretan ere izan ohi da. Gure kulturarekin, balio etikoekin eta funtzionamendu sozialarekin identifikatzen gara. Dena egon daiteke, beraz, itxurazko ordena perfektu baten pean. Nahikoa da onartzea, nork bere egitea eta defenditzea goitik behera ezarritako erreferenteak, komunikaziorako darabilgun hizkuntza, ehortzitako arbasoen ahotsa, moldatzen gaituen ekonomia, eta egitate horiek oinarrian daukaten diskurtsoa.
Baina krisi sasoian, desagertzeko puntuan dauden nazioetan, iraultzaren goritasunean edo, sinpleki, belaunaldien arteko talka baten erdian, berriz etor dakiguke burura betiko galdera hori, beldur moduan eusten diona gure barruan: «Nortzuk gara egiazki».
Are, benetan garena ote gara?
Gizarte-antolakuntzek, taldeek, mugak marraztu, ezabatu eta berriro marrazteko joera izan ohi dute, halabeharrez aldakorra den munduan. Horren kontrako erresistentzia sufrimendu-iturri itzela izan ohi da. Aldaketa gertatu gertatzen dela onartzea eta horretan parte hartzea, eta onartzea aldaketarekin ez diogula geu izateari uzten, inteligentzia seinale handia da, eta mugimendu aurrerakoien ezaugarri. Hutsezinaren plantak egiteari utzi, egonkortasunari uko egin, gaurkotu eta etorkizun sortzaile eta zintzoago batera egitea inteligentzia seinale da, eta aurrerabidearen marka.
Edo marka izan da, behinik behin orain arte. Gaur egun, egia esan, «ezkerreko kontserbadoreen» mugimendua sendotzen ari da. Izan ez zena botatzen dute faltan, atzera begira eraikitzen dute geroa, lehenaldia erabiltzen dute abiada hartzeko eta etorkizuna euren burua engainatzeko. Eta egia bakarra da ostera oraina, justu oraina, tokatu zaigula bizitzea.
Ez nondik eta ez handik. Eskuzabal jokatzeko garaia da, indartsu jokatzekoa, sano presente egotekoa: Euskal Herria, Italia, Europa, herri txiki bat mendi magalean, hiriak, azala mudatzen ari dira guztiak, kultura beste era batera kontsumitzen da, erlijioa aldatu da, aisialdia, produkzio-sistema, komunikatzeko modua. Eta, era berean, aberastasun horrek inoiz ez du desagerpen arriskurik ekarri, ez gaude arriskuan, eta ez gara egongo arriskuan.
Mundu zabaleko krisi ekonomikoak, gainera, egundo lehenengoz, aberri eta etorkizun bako jende oldeak ekarriko dizkigu. Saihestezina izango da: azalaren kolorea letxiko ageriko ezaugarri etnikoak erabiliko dira, inkontzienteki, etiketak jartzeko. Gizarte zahartu, paralizatu, noragabetu, deprimitu eta apatikoa bere burua defendatzen ahaleginduko da errealitatetik aldenduz eta bakartuz. Bere burua defendatzen ahaleginduko da indar itzelen kontra: gosea, biziraupena, bizitzen segitzeko gogoa. Landare lehorraren izerdiak babes hartuko du, gero eta gehiago, manipulatutako tradizio, tabu eta diskurtso garbietan.
Idazle batentzat zeregin morala da bere hizkuntzan idaztea, eta dudan jartzea hizkuntza hori berori. Bere diskurtsoa antolatzea, eta dudan jartzea. Helburu baten xerka ibiltzea beharrizana da ia identitaterik ez dutenentzat, muga administratibo eta mentalek zeharkaturik bizi direnentzat, minorizatuentzat. Gauzak txarrean ez egiteko, gauzekiko interesa ez galtzeko eta, berba batean, krisia ekiditeko onak dira zuhurtzia, perspektiba ez galtzea eta askatasun iturri den gure egitekoa maitasunez egitea. Krisi hitzaren menpe gaude azken bost mendeetatik hona. Ez diogu beldurrik krisiari. Herri txikiak eta gurekin bat egiten dutenak izan gaitezke -izan behar genuke- Europa zurrun, polizial honen psikologo. Autoestimua galdu duen Europa honen psikologo.
Izan daiteke legez kanpokoa inor?
Epaitu dezake inork umea besoetan harturik hondartza batera iritsi berri den emakumea?
Kondenatu dezake inork eurena ez den zibilizazio baten presiopean amore eman nahi ez duen jendearen borroka?
Soilik sinisten badugu «gu» garela makina burokratikoa, soilik epaile eta kanporatze-zelaietako profesionalen eskuetan jartzen bagara, soilik orduan erantzun diezaiekegu baietz galdera horiei.
Bestela ez. Hortik kanpo gaude gu, eta hortik kanpo egongo gara, egorik ez dugunok, etengabe betetasuna bilatzen dugunok.
Behin emigratu genuenok, eta desagertzeari beldurrik ez diogunok.
Badakigunok, seguru, zoriontsu izango garela.