KRONIKA Leitzako jaiak
San Tiburtzio egun handian ezin da ezpata dantza falta
Herriko plaza jendez gainezka kanpai hotsek 12.ooak iragartzean, leitzar asko gaupasa eginda, ume zein heldu... guzti-guztiak gauza berberaren zain: ezpata dantza. Txalo zaparrada ikaragarriak dantzarien sarreraren berri ematen du.
Izaro ARBILLA
1936ko gudaren ostean, euskal kulturari bultzada ematea helburua zela medio, Euskal Herriko txoko ugaritan hainbat batzoki ireki zituzten, horien artean Leitzakoa. Lekura Iruñeko gizon bat bertaratu eta berak dantzatu zuen han lehenengo aldiz ezpata dantza. Handik ona belaunaldiz belaunaldi iraun du ohiturak, eta egun «herrian oso errotua dagoen dantza da».
Urtero, San Tiburtzio egu- nean, egun handian, eguerdiko hamabietan Aurrera dantza taldekoak dira ezpata dantza plazaratzen dutenak. Urduri atera ohi dira, baina «dantzari eta ikusleen artean sentimendu elkartrukea sortu, eta momentua oso berezia bihurtzen da, indar berezi bat jasoz».
Ezpata dantzak bederatzi zati ditu. Agurra da lehendabizikoa, eta askorentzat, politena. Ikurrina lau haizeetara astintzen dute bertan, jendearen txaloak batzen zaizkiola, «zirrara handia sortuz ikusle eta dantzarien artean». Leitzarrentzat beste une polit bat bakarka dantzatzen dena da, baita dantzarientzat ere. Herritarrek dantzariaren izena behin eta berriz aipatzen dute.
Esperotako ikuskizuna
Herriko plaza jendez gainezka egoten da beti, inguruan ikurrinak ikusten dira, baina bada etxe bateko balkoian kristoren bandera espainola ere, inguratzen den kanpotar orori begira ematen diona. Atzokoan ere bai.
Leitzar gehienak ez zeuden honekin kontent, eta behin, globoz eutsitako ikurrina bat altxatu zuten justu bandera espainol koxkorra tapatuz, eta noski, zer gertatuko zen inori bururatu ere egin gabe. Aski ezaguna da gertaera. UPNko zinegotzi ohi bati ez zitzaion ongi iruditu, eta eskopeta bat hartuta, etxeko balkoira igo, eta tiro egin zuen ikurrina lurrean ikusi arte.
Ez da harritzekoa segituan sortutako zen iskanbila; dantzariek, berriz, ezpata dantza dantzatzen jarraitzen zuten bitartean. Dena dela, «horrelako gauzek ikurrina gehiago ateratzera gonbidatzen dute», nabarmentzen dute herritarrek.
Tradizio handiko dantza honek hainbat gorabehera izan dituen arren, egun Leitzan dantzatzeko ohitura oso zabalduta dago eta jendearen gustukoa da gainera. Gero eta gazte gehiago animatzen dira ikastera eta honek ez dio galerari tokirik uzten.
Hurrengo San Tiburtzio egunera espero beharko, berriz, zortzi mutilen trebezia ikusteko.