GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

Ligako finalerdietara eta Europara begira hasiko dute denboraldia Biarritzek eta Avironek

Larunbatean abiatuko da denboraldia Biarritzentzat eta Avironentzat. Euskal Herriko bi talde nagusiek, gainera, erronka handiak dituzte. Zuri-gorriek Heineken Kopako eta Ligako finalerdietan izan nahi dute. Avironek, Heineken Kopan aritzeko txartela lortu nahi du.

p038_f01_82527.jpg

Jon LEUNDA

Badator, hastera doa Top 14a. Jenderik gehiena oporretan dagoen unean ekingo dio Estatu frantseseko Ligak. Bertan aritu behar duten Avironek eta Biarritzek ere asteburu honetan hasi beharko dute jokatzen. Bi talde lapurtarrentzat ilusioz beteriko denboraldia iragartzen da. Zuri-gorriek izan zirena izan nahi dute aurten, eta zuri-urdinek, pasa den urtean emandako gorakadari, beste urrats bat erantsi nahi diote.

Biarritzek egin zuen aurreko denboraldia ez zen batere ona izan. Azkeneko unean Heineken Koparako sailkatuta, apur bat hobetu zuten, baina hasierako helburuak beste batzuk ziren. Aurtengo urterako gauzak garbi dituzte. Ligako finalerdietan izan nahi dute, eta Europako lehiaketan ere gauza bera egin nahi dute.

Horretarako taldean aldaketa ugari izan dira, hori bai, Jean Michel Gonzalezek jarraituko du entrenatzaile lanetan. Ez dute azken urteetakoa errepikatzerik nahi, eta lehen jardunalditik hasi nahi dute garaipenak erdiesten. Aurten, gainera, horretarako aukera ona izango dute zuri-gorriek, izan ere Ligako lehen bi partidak etxean jokatuko baitituzte. Taldera heldu berri diren jokalariak, honako hauek dira: Alexandre (Clermont), Boslhaw (Gloucester), Faure (Castres), Fior (La Rochelle), Gimenez (Stade Toulosian), Lakafita (Grenoble), Mignard (Clermont), Taelle (Parma) eta Romain (Castres).

Joan direnak, aldiz, honako hauek dira: Bourrust, Cabannes, Crevy, Couzinet, Cronje, Denoyelle, Faafali, Masi, Noirot, Pretorius, Som, Thierry eta Dridi. Guztien artean, azpimarratzekoa da Couzineten baja, azken urteetan taldeak izan duen jokalari garrantzitsuenetakoa izan baita, baina kirol profesionala uzteko tenorea iritsi dela iritzi dio, eta errugbia utzi egingo du.

Iazkoa hobetzea

Iazkoa hobetzea, horixe izan da Avironek jarri duen erronka. Zuri-urdinek denboraldi bikaina egin zuten. Azkenean, ordea, zazpigarren postuan amaitu zuten, eta ezin izan zuten Heineken Kopa jokatzeko txartela lortu. Amets horretatik oso gertu izan ziren, denboraldiko une askotan lehen sei postuen barruan egon ziren, baina azkenean ezin izan zioten postu horri eutsi, eta ametsak zapuztu egin zitzaizkien.

Aurtengo denboraldiko helburu nagusia, beraz, horixe izango da, lehen sei postuetan amaitzea, baina lehen lauretan sartzeko itxaropenik ere badute, Ligako finalerdietan sartzea, alegia. Hori sekulako balentria izango litzateke, eta asmo nagusien artean ez badago ere, aukera hori ere ez dute baztertu nahi.

Urte asko pasa zituen Lapurdiko hiriburuko taldeak goi mailatik kanpo, eta hori berreskuratu ostean, apurka-apurka gorantz doa, eta horretan ari dira, nahiz eta zuzendaritzak iragarria duen presarik ez dutela. Jokalariei dagokionez, ez dute aparteko aldaketarik izango. Jokalaririk garrantzitsuenak taldean jarraitzen dute, eta horien lana indartzeko beste batzuk ekarri dituzte.

Honako hauek heldu dira Baionara: Ross (Cantebury), Boyvd (Akize), Mazars (Castres), Arraiet (Stade Montois), Perugini (Stade Toulosain), eta Da Ross (Gtauhelt). Joan direnak, berriz, hauek dira: Bergez, Massabeau, Springgay, Maillard, Fiorini, Etxegarai, Tilloles, Cortese, Acebes eta Lhande.

Aurtengoan, gainera, bi taldeek Anoetan ere jokatuko dituzte beren etxeko norgehiagoka batzuk. Hasteko, datorren asteburuan, abuztuaren 21ean, Avironek jokatuko du Realaren zelaian, Stade Françaisen aurka. Irailaren 11-12ko asteburuan, berriz, derbia izango da, kasu honetan Biarritz da etxean aritzekoa, baina partida hori ere Anoetan jokatuko dute. Gehiago ere izango dira, baina oraindik zehazteko daude, nahiz eta itzuliko derbiak ere Donostian jokatzeko itxura handia duen.

Liga larunbatean abiatuko da. Hasiera batean, Federazioak partida guztiak ostiralerako iragarri baldin bazituen ere, bai Biarritzek, eta bai Avironek ere larunbatean jokatuko dituzte beren norgehiagokak. Biarritz izango da etxean arituko dena, eta zuri-gorriek Castres hartuko dute Agilera estadioan. Aurkaria gogorra izan arren, zuri-gorriek ezinbestekoa dute garaipen batekin abiatzea, azken urte hauetako mamuak ahalik eta azkarren uxatzeko. Avironek aldiz, Perpinyan jokatuko du, egungo txapeldunaren zelaian. Partida zaila, baina galtzeko ez dute ezer izango, eta puntu bat urratzea ere ez litzateke batere txarra izango. Avironek 16.25etik aurerra jokatuko du Perpinyan, eta Biarritzen partida, aldiz, 16.00etan hasiko da Agilera estadioan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo