GARA > Idatzia > > Euskal Herria

KRONIKA Ikurrinaren alde Donostia

Ikurrak defendatzeko deia kolorez jantzitako protestan

Zuri, gorri eta berdeaz gainera, laranjaz, arrosaz edota urdinez margotu zuten atzo une batez Donostiako Aste Nagusia, ikurrina heliozko puztukiekin tentetu eta ikur hori euskaldunena dela aldarrikatzeko.

p013_f02_132x123.jpg

Oihana LLORENTE

Kale antzerki edota musikari, postu ibiltari eta izozkia dastatzen ari ziren ehunka herritarren artetik, kolore bizietako heliozko hamaika puztuki ikus zitezkeen atzo arratsaldean Donostian, bertako udaletxean ezarrita dagoen bandera espainolaren azpialdean.

Puztukien azpian, aldiz, bandera gorri, zuri eta berde izugarri bat tente, zutik. Buruhandi eta erraldoiak korrika batean ondoan zirela, hasi ziren prestaketa lanetan Bai Euskal Herriari herri ekimeneko kideak. Ikurrina tente edukitzeko sortu ziren arazo teknikoek oztopatu beharrean jakin-mina pizteko balio izan zuten, eta puztukiak banatzen zituztela pentsatuta inguratzen ziren ume eta gurasoekin eta «ikur hori zer ote da» galdezka ari ziren turistekin bete egin zen Alderdi Eder. Gainera, euren galderei erantzunak ematen dizkien triptiko bat banatzen aritu ziren antolatzaileak.

Elkarretaratzea hasita «Inposaketarik ez! Geure ikurrak defendatu» zioen pankartaren atzean batu ziren dozenaka lagun, beste hainbeste inguruan ziren ikurrinari arretaz begira, «gero askatuko dute» zioten batzuek, beste askok eskuko telefonoarekin argazkiak ateratzen zizkioten bitartean.

«Ikurrina bai, espainola ez» leloa oihukatu eta irrintzika aritu ziren. Elkarretaratzea ikusten ari zirenak indarrekin kutsatu eta imitatzeari ekin zioten.

Ordu erdi geroago, megafoniatik, «inposaketei nahikoa dela» esateko garaia iritsi dela ozen adierazi, eta «geure defendatzeko prest gaudela» esan eta horretan jarraitzeko deia egin zuten. Ikurrinaren koloreak herri honen «zabaltasuna eta aniztasuna» ederki islatzen dutela eta euskaldunen ikurra ikurrina dela nabarmendu zuten.

Behin elkarretaratzea amaituta, denek espero zuten unea iritsi, eta zerura begira geratu ziren. Baina, denen tristurarako, heliozko puztukiak kendu eta ikurrina gorde egin zuten. Inguruan ziren ertzain andana ere -ekimena gertutik jarraitu baitzuten hiru furgonetek-, ikurrina aske ikusteko penaz gelditu ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo