Nigerian emakumeak ere badira
Nigeria, Niger deltako petrolio gunea, hain zuzen, albiste izan da azkenaldion, MEND (Niger Deltaren Burujabetzarako Mugimendua) talde armatuak petrolio enpresen aurka egindako eraso ikusgarriak direla eta. Afrikako estaturik jendetsuena da Nigeria, 120tik gora bizilagun baititu, eta, halaber, aberatsena. Kontinenteko lehen petrolio ekoizlea da eta, gehiena hegoaldetik ateratzen bada, eskualde hori pobrezia handian bizi da. Horixe da hango gerrillariek salatzen duten egoera. Joan den uztailaren 15etik indarrean dago MENDen su-etena, eta Gobernuak amnistia eskaini zien armak uzten dituzten taldeei. Hala ere, bada eskainitako barkamen hutsean konponbiderik ikusten ez duenik. Izan ere, hegoaldeko emakumeek mehatxu bitxia egin dute: eskualdeko garapen-arazoei berehala heldu ezean, gizonentzako sukaldatzeari utziko diote. Talde armatuetako kideen armen truke enpleguak, bekak eta bestelako garapen bideak eskatzen dituzte.
Nigerian emakumeak ere existitzen dira, eta egoera jasan ez ezik, hura aldatzeko borrokatzeko prest daude. Haien mehatxua oihu haserrea da hango gatazka konpontze aldera, eta gatazkaren errora jotzen duena. Nazioartean ere entzun beharko luketen oihua. Nazioarteko komunitateko herrialde askok, ordea, badituzte interesak Nigerian, gatazkaren muinari lotutako interesak, alegia, eta bestaldera begiratu nahiago dute.