GARA > Idatzia > Iritzia > Azken puntua

Laura Mintegi Idazlea

Denboran harrapatuta

 

Pelikula hura gogoratuko duzue. Jatorrizko titulua zen «Groundhog Day» eta gaztelaniazko bertsioan «Atrapado en el tiempo», baina Hego Amerikarako titulua ezagunagoa da, «El día de la marmota». 1993an estreinatu bazuten ere, klasiko bihurtu da Harold Ramis-en filma.

Bill Murrayk behin eta berriz bizi behar zuen egun bera Pennsylvaniako Punxstawnwey herrian. Iratzargailuko irratiak goizero programa berberaz esnatzen zuen, eta egun bera egunero errepikatzen zen astez aste. Murrayren pertsonaia zen aldatzen zen bakarra, memoria zuen bakarra, Kasandraren moduko madarikazioak jota baitzegoen gizajoa.

Murrayrekin identifikaturik sentitzen naiz udaro. Udaberriaren amaieran komunikabideek gogorarazten digute «bikini operazioa» martxan jarri behar dela. Neguan metatutako mitxelinak kentzeko garaia da. Abuztuan urtez urte azaltzen digute, ordea, oporretarako plana prestatzeko unea dela, eta hondartzaren gaineko informazioa eskaintzen digute albistegi guztietan. Udazkena hasitakoan entzungo dugu familiek gastu gehiegizkoa pairatu behar dutela, eskolara itzultzeko garaia da-eta, hain zuzen ere, udako gastu estrak Visaren faktura potolatu duen hil berean. Azaroaren amaierarako Gabonetako argiak jarriko dituzte herri guztietan, eta hedabideek ohartaraziko digute etxekoen girora biltzeko sasoia dela, kontuan hartu gabe nolako harremana izan dugun familiarekin urtean zehar. Eta urtarrilean, aldiz, bizitzearen garestitzea izango da mintzagai nagusia albistegietan.

Urtaroetan harrapaturik sentitzen naiz, Murray bere egunari oratuta zegoen bezala. Urtaroetako topikoak errepikatu egiten dira, nahiz eta norbera ez izan aurreko urtaroan zen pertsona bera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo