«Mamma Mia!» ikuskizuna bihar estreinatuko dute Bilboko Arriaga antzokian
GARA | BILBO
ABBA suediar talde ospetsuaren kanturik bikainenak biltzen dituen «Mamma Mia!» musikala ikusgai eta entzungai dago Arriaga antzokian joan den abuztuaren 6a geroztik, antzezle taldea berotuz joan zedin, eta ikusleentzat sarreren salneurri murriztuarekin. Eta behin akatsak zuzendu eta Bilboko agertokira egokituta, bihar 20.00etan, gonbidatu andana ekarrita, behin betiko estreinaldia egingo dute Arriaga antzokian, irailaren 6ra arte bertan gelditzeko.
Itsuentzako emanaldia
Emanaldi horien artean gainera, bada berezia den bat, hain zuzen ere, ikusmen urritasuna dutenentzat egokitua. Ekimen honen bidez Arriaga antzokiak bat egingo du Aste Nagusiak ezintasunak dituzten pertsonentzat antolatutako jarduerekin.
Abuztuaren 19an, beraz, «Mamma Mia» musikal arrakastatsuaren emanaldi bat izango da, 19.30ean, itsuentzat egokitua. Arriagako arduradunek eta ONCE erakundeak 2008ko azaroan sinatu zuten hitzarmena, «itsuak eta ikusteko urritasuna duten pertsonak kultura orokorrera eta arte eszenikoetara integratzeko asmoarekin».
Hitzartutako helburuak lortzeko, Arriaga antzokian AUDESC sistema erabiliko dute: itsuentzako audio-deskribapena. AUDESC sisteman, aldibereko itzulpena egiten du lantalde batek, eta horrela, erabiltzaile bakoitzari antzezlanean agertzen denari buruzko informazioa ematen diote soinu bidez, ikuskizuna aurrera doan era berean.