GARA > Idatzia > > Euskal Herria

«Txato» Agirre zendu zen astelehenean, mendi istripuz, Pirinioetan

Kutxako bigarren lehendakariorde eta Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiaren ekonomia aholkulari izandako Jose Maria «Txato» Agirre zendu zen astelehenean Pirinioetako Frondiellas menditik beherakoan izandako istripu batean. Dirudienez, oreka galdu eta eroriko gogorra izan zuen. Politika eta ekonomia arloan urte askoan jardun zuen mendizaleak. Tartean, Gipuzkoako Foru Aldundiko ekonomia diputatu eta Lakuako Kultura Saileko lehendakariorde izan zen.

p015_f0125408.jpg

GARA |

Kutxako bigarren lehendakariorde Jose Maria Agirre «Txato» mendi istripuz hil zen astelehenean Pirinioetan, Huescan. Ezbeharra mendi gailurretik beherakoan izan zuen. Gertakariak nola izan ziren artean ziur ez badakite ere, dirudienez eroriko gogor baten ondorioz zendu zen. Agirre EAJ-PNV alderdiko kide zen, eta gertatutakoaren berri horiek eman zuten atzo.

Bestalde, Kutxako Gizarte-Ekintza eta Komunikazio arduradun Carlos Ruizek atzo emaniko agerraldian azaldu zuenez, istripua 3.069 metroko garaiera duen Frondiellas mendian gertatu zen, Huescako Sallent de Gállego herrian.

«Kolpe gogorra»

Lagun batzuekin batera gailurrean izan ondoren, beherakoan Ibones de Arriel isurialdearen paretik zihoazela amildegi moduko batetik erori zen. Hainbat hedabidek atzo adierazi zutenez, dirudienez oreka galdu eta erortzean buruan golpe gogorra hartu zuen.

Ruiz Kutxako arduradunaren hitzetan, «mendizaleari Pirinioetan igotzeko geratzen zitzaion gailur gutxietako bat zen honakoa». Gorpua erreskatatu ondoren, Jakako Ospitalera eraman zuten.

Agirrek 65 urte zituen eta Ataunen jaioa zen arren, Tolosan bizi zen. Urte luzetan politika eta ekonomia munduan jardun zuen. Gaztetan, 1960ko hamarkadan ETAko kide izan zen. Gerora desagertuko zen Euskadiko Ezkerreko partaide izan zen, eta aurrerago, hortik irten, eta Euskal Ezkerrean sartu zen. Azkenik, 1990eko hamarkadaren bueltan EAJ alderdiko kide egin zen. Eta bertan, Gipuzku Buru Batzarreko taldekidea izatera heldu zen.

«Politika eta ekonomian»

Handik aurrera, Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiaren ekonomia aholkularia izan zen, baita Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia ahalduna eta Lakuako Kultura Saileko lehendakariordea ere.

Hainbat urtez, bestalde, Tolosako Udaleko zinegotzi kargua ere bete zuen. Iragan martxora arte berriz, Eustat Euskal Estatistika Erakundeko arduradun gorena izan zen; eta egun, Kutxako bigarren lehendakariorde kargua betetzen zuen 2004 urteaz geroztik.

Kutxakoek adierazi zutenez, Agirre erretiroa bideratzen ari zen. Gertatutakoaren ondoren, uda ondoren izendatuko du Kutxako kontseiluak haren ondorengoa.

Bestalde, alderdikide zuen Joseba Egibarrek hedabideei azaldu zienez, azken hileetan politika arloko ekonomia datuak aztertzen aritzen zen. «Bere pasioa ekonomia eta demografia zen eta azken urteotan fin aritu da aholkularitzan», adierazi zuen Egibarrek.

frondiellas

Istripua 3.069 metroko garaiera duen Frondiellas tontorretik beherakoan gertatu zen. Ibones de Arriel isurialdetik zihoazela amildegi batean erorita zendu zen.

TALDEKIDE

1960ko hamarkadan ETAko kide izan zen Agirre. Aurrerago Euskadiko Ezkerra eta ondoren Euskal Ezkerreko partaide ere izan zen. Handik, EAJ alderdiko kide egin, eta Gipuzku Buru Batzarrean aritu zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo