GARA > Idatzia > Iritzia > Azken puntua

Lander Garro idazlea

Egiten

Hamaikabat alderdiarekin topo egin dut estreinakoz aste honetan. Orain arte niretzat alderdi mamu izandakoa, gorpuztu egin zait. Easo kaletik nindoan, eta Donostiako Udalak errepideetan gringoak garraiatzeko barreiatu dituen rickshaw futurista horietako batean, hantxe zegoen alderdi berriaren logoa. Hasieran ez nion antzeman, rickshaw hauek arrautza itxura baitute, eta Hamaikabat alderdiaren logoak, berriz, gorringoarena. Gurpilen gaineko arrautza zirudien, beraz, eta ez naiz metafora bat egiten ari. Zer ote? Jatetxe italiarren bateko propaganda gurpilduna? Ez, EAtik alde eginda Euskal Herriaren birkonkistan abiatutako iheslarien kale-agerraldia! Ongi erreparatu nion, eta alde batera idatzita hauxe topatu nuen: «Construyendo», atzean, aldiz, «Egiten». Politikaren eta marketinaren muga ostikoka ibiltzen dute alderdiek gaur egun, ikusten denez. Garai batean jendea bildu izanaren ondorioz sortzen ziren alderdiak. Helburu politiko jakin batzuen baitan biltzen zen jendea, eta jendeak berak sortzen zuen alderdia. Alderdiak bulegoetan sortzen hasi direnez geroztik, ordea, jenderik ez da behar. Jenderik gabeko marka sortzen da, benetako alderdi baten ordez, eta gero gazteak kontratatzen dituzte, hiritik izen berria paseatu dezaten, alderdia «gizarteratzeko». EAJren “Think gaur, Euskadi 2020” haren ondoren dena asmatuta zegoela uste nuen. Gogoratuko dituzue EAJko teknokratak eserleku luze horietan, traje dotorez jantzita, eztabaida publiko modukoak antzeztuz. Arazoekin sutsuki konprometitutako alderdiaren itxura eman nahi zuten, eta horretarako areto hutsak hartzen zituzten, eta hedabideen aurrean agertzen ziren, herritarrei zinez norbaitekin eztabaidan ari zirela sinetsaraziz. Uste zuten norbaiti ziria sartuko ziotela, baina hortxe dabiltza orain, boteretik kanpo, burua moztutako oiloen gisara, noraezean. Batzuk noraezean, besteak rickshaw batean.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo