Locarnoko jaialdia asaldatu du Santiago Loza argentinarraren «La invención de la carne» filmak
Suitzako Locarno hiriko 62. Zinema Jaialdian Argentinako «La invención de la carne» eta Isaki Lacuesta katalanaren «In Between Days» filmak aurkeztu dituzte egunotan, eta harridura sortu dute biek ere.
GARA | LOCARNO
Santiago Loza argentinarrak atzo aurkeztu zuen Locarnoko zinema jaialdian (Suitza) «La invención de la carne» lan poetikoa, emanaldiaren aurretik filmak ikusleen sentsibilitatea mindu zezakeela iragarrita.
Mingarriak izan daitezkeen eszenek sexu jarduna erakusten dute, baita bi helduren gorputz biluziak ere, haur jaioberria besoetan dutela. Zuzendariak «ez dut probokaziorik bilatzen horrekin», esan du: «Sexuak pelikulan agertu beharra zeukan eta ez du inolako zerikusirik pornografiarekin».
Alta, sexu irudiak baino mingarriagoa da pelikulan ageri diren pertsonaien bakardadea. «Fintasun eta gordinkeriaren arteko mugak bilatu nahi genituen, baina filma ez da arbuiatzeko sortua», argitu zuen zinema isila eta zehatza egin ohi duen Lozak. «Mugan dauden pertsonaiek erakartzen naute», onartu du berak.
«La invención de la carne» pelikulak mediku homosexual gazte bat, Diego Benedettok antzeztua, eta honen ihesean laguntzen duen prostituta bat, Umbra Colombok antzeztua, aurkezten ditu. «Gustuko dut galera sentsazio hori, eta bakoitzak bere ahultasuna bestearenarekin babestearen ideia. Ez da maitasun istorio bat, baina badu maitasunetik zerbait ere», azaldu du Lozak. Etsipenetik sortutako amodioa, «pertsonaia hautsi, ahul eta minduen artekoa, zintzoa eta duina».
Bi ezezagunek autoz egiten duten bidaia erakusten du, beraz, Lozaren azken filmak, eta bien artean sortzen den lotura isila eta asexuala, baina beroa. Neskak ezezagunekin sexu harremanak ditu, baina amatasuna du faltan, eta mutikoa umezurtz sentitzen da.
«La invención de la carne» izan da Locarnoko 62. zinema jaialdian eman duten Latinoamerikako bigarren lana, eta erantzun kontrajarriak jaso ditu. Makina bat ikusle aretotik atera ziren apurka-apurka, eta bukaeraraino eutsi ziotenek txalo zaparrada beroa eskaini zioten.
Gutun trukea
Isaki Lacuesta zuzendariak, berriz, «In Between Days» filma aurkeztu du Locarnon. Besteak beste, «La leyenda del tiempo» ezohiko dokumentalaz arduratu zen katalana Donostian izango da gero, Zinemaldian, «Los condenados» pelikula aurkezten.
«In Between Days» harrigarriak, Centre de Cultura Contemporània de Barcelona (CCCB) eta bertako «Cinergias» egitasmoari esker, Naomi Kawasea zinemagile japoniarrarekin izandako gutun trukea agertzen du. Kawasea izen oneko zuzendaria da, besteak beste, «El bosque del luto» pelikularen egilea.
Zinema eta gutun trukearen arteko uztarketa Abbas Kiarostami eta Victor Ericek edota Abert Serra eta Lisandro Alonsok ere landu zuten bere garaian. Filma eskuartean dituzten egitasmoen artean egindako geldiunetxo bat da Lacuesta zein Kawaserentzako, eta hiruna gutunen bitartez bere burua aurkezten diote elkarri. Lacuestak aitortu duenez, «zail samarra zen zerbait intimoa kontatzea gutunetan, aldi berean publikoarentzat ari zinela jakinda». Gainera, «lagunei kontatuko ez nizkiekeen kontuak azaleratzen ditut gutunotan eta oso pertsonala egiten zitzaidan kontu horiek filmatzea», jarraitu du Lacuestak, Banyoleseko (Girona) bizitokitik.
«Ici et Ailleurs» atalean erakutsi duten pelikulak berrogei minutu irauten ditu elkarrizketarik gabe -off ahotsean-, eta kontu txikiei erreparatzen die.
Pelikulak, gutunetako post data baten antzera, Segundo de Chomonek 1906an filmatutako «Les Kirike» laneko zatitxo zoragarri bat gordetzen du bukaera aldean.