GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

Ohorezko Liga

Daniel Larretxea, Bera Bera euskalduntzeko lehen izarra

Joko-antolatzaile zuraidarrak Ingalaterrako liga irabazi zuen orain dela hiru urte Sale Sharks taldearekin.

p040_f01_60541.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Pegamo Bera Berak goi-mailako bi fitxaketaren berri eman du. Talde donostiarrak Urtzi Abanzabalegi eibartarra eta Daniel Larretxea zuraidarra fitxatu ditu datorren denboraldirako. Hauexek dira Jose Miguel Galdos entrenatzaile berriak, taldea euskalduntzeko asmoz, Donostiara ekarri dituen aurreneko bi jokalariak.

Bietan ezagunena eta ibilbide oparoena duena Daniel Larretxea da, Olivier Larretxea pilotariaren anaia. Lapurtarrak 32 urte ditu eta Baionako Aviron taldearekin hartu zuen bere tokia Frantziako Top-14 Ligan, Peio Dospital handiaren eskutik. Ingalaterran ere jokatu zuen bi urtez Sale Sharks talde famatuarekin -liga bat ere irabazi zuen- eta iaz, aita izan berritan, atzera Baionara itzuli eta talde zuri-urdinarekin denboraldi ahaztezina egin zuen.

Heineken Cup lehiaketan 11 partida jokatutakoa da Larretxea, tartean finalerdietako neurketa bat ere bai Anoetan bertan Biarritzen kontra, European Challenge delakoan beste 9 jokatu ditu, eta Frantziako selekzioan ere aritua da, bai 21 urtetik beherakoetan eta baita lehen taldearekin ere. Euskarians selekzioarekin ere jokatu izan ditu partidak. Metro eta 84 zentimetroko altuera eta 94 kiloko pisuaz, Bera Berak joko-zabaltzaile bikaina fitxatu du, jaurtiketa oso ona, teknika landua eta hiru-laurdeneko lerroa antolatzen esperientzia duena.

Urtzi Abanzabalegi eibartarrak, berriz, 31 urte ditu, lehen lerroan jokatzen du eta uztartzeetan indar eta esperientzia handia erakutsi izan du beti. Eibarren, Getxon, Ordizian eta Hendaian jokatutakoa den arren, udaberrian Korsarioak taldearekin jokatu zuen Liga Superiberikoa eta, beraz, ez zaio arrotz egingo Donostian jokatzea. Metro eta 79 zentimetroko garaiera eta 94 kiloko pisua duen jokalari gipuzkoarra ohikoa izan da azken urteotan Euskadiko selekzio autonomikoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo