Xabier Izaga Irakaslea
«Cherchez la photographie!»
George W. Bushen mahaiaren gainean hankak jarri zituen espainiar presidente ohi hura bezain harro agertzen dira. Aitzindariaren ziurtasunaz, eurek ere ez dakite noraino irits litezkeen. Eta badute hartarako nahikoa motibo, Unamunoren ametsa errealitate bihurtu berri zaiela. Alegia, Espainia europartu ordez, Europa espainiartu da Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpen baten bidez. Izan ere, mundu «zibilizatuan» eskubideak eta libertateak babesteko herritarren eskuetatik kentzeko joera nagusitu den honetan, Europak Espainia topatu zuen oraindik orain bide horretan eta, aldea ez zela horren handia ikusita, gutxienik NBEren gomendioen araberako ebazpen epela eman beharrean, bultzadatxo bat eman zion. Eta Gobernu espainolak, EAEko Gobernuari behar besteko protagonismoa emanda (politika antiterrorista delakoa Lakuak erabakiko balu bezala), emakumea bilatzeari utzi eta euskal presoen argazkien bila abiatu zen. Bide batez, sukar errepresiboaren zurrunbiloak harrapatuta, arrano beltzak, ikurrinak, pankartak eta ulertzen eta ulertu nahi ez duten guztia eramateari ekin zioten.
Aspaldi ikusita nago Ertzaintza kaleko kartelak kentzen, ohikoa zuten kale kantoian aparkatu eta ale batzuk urratzea. Baina lehen beren kabuz egiten zuten, ustez behintzat, eta orain gobernuen aginduz. Lehengoan Gasteizko kale bat hartu zuten, zenbait lagun identifikatu eta inguruko pankartei eta kartelei argazkiak egin zizkieten. Bitartean, ertzainetako batek kartel bat urratu zuen, bortitz, amorruz. Alde egin zutenean, kartela ikustera hurbildu nintzen: Fiestas de Salinillas de Buradón. Eta ertzain hura irudikatu nuen lagun artean kontari, harro, terrorismoaren aurkako borrokari egindako ekarpen ordainezinaren berri ematen.
Espainia modako dago, eskubideak eta askatasunak murrizten aitzindari da eta, azkenik, espainiar agintariak harro ager daitezke munduaren aurrean, George W. Bushen mahaiaren gainean hankak jarri zituen hura bezain.
Alabaina, modak iragankorrak dira. Eta hau ere igaroko da. Ez, ordea, oroimena. Ezta zenbaiten lotsa ere.