Zarautz Hiria Torneoa
Olaizola atsedenik gabe iritsiko da Aritzbataldera
Goizuetarrak atzo gauerdian Hontoria del Pinarren jokatu zuen, Burgosen.
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Euskal Herriko herri eta auzoetan egunotan jokatzen diren partida mordoak apur bat itzalpean uzten badu ere, Zarautz Hiria Torneoa gaur arratsaldean hasiko da Aritzbatalde pilotalekuan (18.15, Telecinco). Enpresen ligak antolatzen duen udako hirugarren torneoa da eta lehen finalerdian Olaizola II.a-Mendizabal II.a eta Gonzalez-Pascual bikoteak neurtuko dira.
Aimar Olaizolak eta Oier Mendizabalek osatutako konbinazioa ohikoa bilakatzen ari da. 2008an Binakako Txapelketa irabazi zuten eta aurten ere finalean izan dira. Goizuetako aurrelariak, gainera, frontoi kutuna du Zarauzkoa, bost aldiz irabazi baitu bertako torneoa. Hori bai, azkenaldian partida asko jokatzen ari dira Asegarceko bi pilotariak eta neke handiarekin iritsiko dira gaurko hitzordura: bosgarren partida izango dute biek zortzi egunean eta Aimarrek atzo gauerdian Hontoria del Pinarren jokatu behar izan zuen, Burgosen. Fisikoki ongi zaildutako mutilak izan arren, apustulariek kontuan izan beharko luketen faktorea da.
Aurrean izango duten bikotea, gainera, gogo biziz irtengo da. Sebastien Gonzalez Iruñea eta Gasteizko torneoetatik kanpo utzi zuen Aspek, eta azkaindarrak bere maila onena erakutsi nahiko die enpresako arduradunei. Orain dela bi aste oso itxura ona eman zuen Zarautzen bertan Retegiren kontra, baina egia da orduz geroztik jokatutako lau partidetatik bakarra irabazi duela aurrelariak. Olaizolaren aurkako neurketetan, gainera, beti kostatu izan zaio lapurtarrari 22ra heltzea.
Adi jarraitu beharreko beste datua, frontoira hurbiltzen den ikusle kopurua izango da. Ordu berean estropada ere izango baita Zarautzen.
Aspek ez du Irujo Zarauzko lehiaketan sartu eta gaur arratsaldean Azkoitian jokatuko du. Cecilio debutatu berriarekin Titin eta Eulateren kontra neurtuko da. Atzo gauean Mallabian aritu zen eta gaurkoa abuztuan jokatzen duen zortzigarren neurketa izango da Iberoko aurrelariarentzat. Uztailean hamaika jokatu zituen, koadroko beste inork baino gehiago.