GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Nazabal, Arrospideren marka berdintzera

A.A. | DONOSTIA

Floren Nazabal izango da, nola ez, gaur arratsaldean Donostiako Trinitate Plazan jokatuko den Urrezko Kopa irabazteko faborito nagusia (19.30). Garaipena lortuko balu, Etxarriko aizkolariak Anjel Arrospideren marka berdinduko luke, lehiaketa bosgarren aldiz irabazita.

Aurkarien artean, gainera, hutsune nabarmenak daude. Nazabalekin batera Luis Txapartegi, Joxemari Olasagasti, Iñaki Azurmendi eta Juan Jose Lopez de Azpilikueta jardungo dira egur mozten. Donato Larretxea edota Anjel Arrospide bera, esaterako, ez dira Donostian izango gaur.

Horretan zerikusi handia du egin beharreko lan luzeak. Ohiturari jarraituz, aizkolariek 14 kanaerdiko moztu beharko dituzte eta gaur egun ez dago inor lan klase horretan Nazabali itzal egiteko moduan. Urtez urte irabazleak egindako denbora begiratu besterik ez dago horretaz konturatzeko. Errekorra Donato Larretxeak egin zuen 1995ean (27.17), baina 2002az geroztik, inor ez da gai izan ordu erdiko mugatik jaisteko. Lorpen hori Larretxeak berak egin zuen 29.03ko markarekin.

Bigarren maila eta trontza

Eta Baliarrainen, 19.00etan hasita, Bigarren Mailako Txapelketaren kanporaketa jokatuko dute gaur hamaika aizkolarik: Mugerza, Teietxea, Rekondo, Aranberri, Belarra, Atutxa, Ugarteburu, Erasun, Mindegia, Mugertza eta Kañamares. Sei onenak, Zestoako finalera.

Trontzan, azkenik, izango da zerekin gozatu Etxalarren, 18.00etatik aurrera. Ekitaldi berean, emakumezkoen Euskadiko Txapelketa eta gizonezkoen aurre-kanporaketa jokatuko dituzte. Nesketan sei bikote arituko dira: Etxebarria-Etxebarria, Larrañaga-Bayer, Intxausti-Gorostidi, Arretxea-Migeltorena, Nuñez-Lopez eta Ariztegi-Izuzkiza. Gizonezkoetan, hamahiru bikote aurkeztu dira eta sei onenak sailkatuko dira Arraiozeko finalera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo