Kronika | Altxorraren bila
Piratak Alde Zaharreko jaun eta jabe egin ziren
Kalean gora eta kalean behera korrika, lasterka batean ibili ziren Donostiako piratak. Ezkutatuta zegoen altxorraren bila, edozer egiteko prest agertu ziren hura topatzeko, baita biluzteko ere! Hamaika abentura igaro ostean azkarrenek aurkitu zuten. Atzokoarekin ere programa alternatiboaren arrakasta bermatuta geratu zen.
Oihane LARRETXEA
Arratsaldeko lauretan Sarriegi plaza jendez lepo zegoen, baita kolorez beteta ere. Altxorraren bila jokoan lehiatzeko gogoz agertu ziren hamaika taldeek kolore bana zeramaten soinean. Hala, gorria, berdea, urdina, arrosa, horia edota zuria...zenbatzea ezinezkoa zen. Galtza motzak, kiroletako oinetakoak, eta korrika hasteko prest. Lehen argibideak eman zituzten, parte-hartzaileek dena ondo ulertu zutela ziurtatu, eta bat-batean, plaza erdi hutsik geratu zen.
Ezkutatuko altxorra bilatzea zen jokoa, eta hori non zegoen argitzeko pistak behar zituzten. Pistak ere auzoko lekuren batean ezkutatuta zeuden, ordea, eta bakoitza lortzeko proba bat gainditu behar zuten. Beraz, probaz proba, eta pistaz pista, egin beharrekoak egiten azkarrenek eskuratuko zuten altxorra. Joko honetan aritzeko, ondo pasatzeko gogoa eta lotsak alde batera utzi behar zirela erakutsi zuten parte-hartzaileek.
«Striptease» eta karaokeak
Probak askotarikoak eta ugariak, edozer topatu zitekeen. Arruntenetik korapilatsuagoetara. Azken hauek ez zailtasunean, baina bai erakutsi beharreko ausardian.
Streaptesa. Horixe zen Urka tabernan jokalariek egin behar zutena. Hara heldu eta biluzteko eskatzen zietenean, «Ai ama!» eta «Bai zera!», halakoak entzuten ziren. Hala ere, bazegoen, giroan guztiz murgilduta, segundo baten buruan kamiseta eranzten zuenik, «egiten duen beroarekin gainera!».
Tabernariek bitartean garagardoak zerbitzatzen zituzten, egarria ase eta arropa eskuetan zutenei propinatxoa emateko. Parean, Belfast tabernan karaokea zegoen. Lotsak aurreko proban galduak zituzten, eta inor ez zen pantaila aurrean kikildu.
Proba igarotakoan asmakizuna eskuratzen zuten, baina bat baino gehiago nahiko galduta zebilen, «Zer dira hizki hauek? Zer erantzun behar dudan ere ez dakit!» zioen taldekide batek.
Paperak zimurtuta zeuden dagoeneko, eta tinta erdi ezabatuta, ondo zegoela ziurtatu ondoren hurrengo urratsera.
San Juan kalean pista eskuratu nahi zutenek erditze bat antzeztu behar zuten. Jakinaren gainean zeuden: lotsak kanpora! Ia guztietan neskak lurrean esertzen ziren, eta indarra egin ostean, ondo hazitako haurrak jaiotzen ziren bat-batean!
Nahiz eta atzokoak erditze berritzaileak izan ziren, alajaina! A ze autoa, balunba! taldean mutil bat erditu baitzen.
Egindako indarrak berritzeko, Fede tabernan edateko gaitasuna jarri zuten proban. Txupitoak nork edan azkarren, eta jakina, inor ez zen atzean gelditu.
Jokalarientzat ez ezik, denbora pasa ederra izan zen atzerritarrentzat ere. Argazki kamera ez zuten askatu ere egin, une arraro eta dibertigarri haiek zer ote ziren galdezka.
Azkarrenek edo argienek -oinak baino burua ibili beharra zuelako- topatu zuten saria.
Altxorra aurkitu izanaren pozez, baina jokoa amaitu izanaren penaz, txaranga helmugan zain zegoen koadrilen jaitsiera egin eta festarekin jarraitzeko.