Joxe Anton Elizegik izan du Goizuetako festei hasiera emateko ardura
Goizuetarrek Peñaren 50. urteurrena ospatzen dute aurten, beraz, 1959. urtean hura sortu zuten herritarrak izan ziren atzo jaien hasierako txupinazoa botatzeko ardura beren gain hartu zutenak. Bestalde, omenaldia eta argazki erakusketa prestatu dituzte herritarrek, Peñak hainbat urtetan herriaren alde egindako lana eskertzeko.
Izaro ARBILLA
Hasiak dira jada Goizuetako jaiak. Atzo 12.00etan hasi eta asteazkenera arte arituko dira herritarrak lo kuluxka on, bazkari, dantzaldi eta kantuan.
Joxe Anton Elizegik, Peñaren sortzailetariko batek, suziria botata, ez zen falta trikitilari, erraldoi eta buruhandirik, goiz osoan zehar, karriketan barrena, festaren hasieraren berri ematen aritu zirenak. Presoen aldeko brindisa eta ondoren gazte bazkaria zuten antolaturik. Bapo bazkalduta gazte txupinazoa, eta segituan Peñaren irteera. Gaualdean Garraxi taldearekin dantzaldia izan zuten, baita Igandea txarangaren irteera ere.
Atzo, Gazte Eguna ospatu zuten seigarren urtez. Txupinazo egunean egitaraua «hutsik» geratzen zela ikusita hasi ziren Gazte Eguna antolatzen. Elkarte guztiak batzen dira, eta jai batzordeaz gain, beraiek antolatzen dute zer egin: triki-poteoa, gazte bazkaria, kamisetak, koadrilen arteko «joko xelebreak». Azkenean jende piloa elkartzen da txarangarekin batera.
Hala ere, gazte bati Goizuetako egunik politen edo tradizionalenagatik galdetuz gero, Peñaren Eguna erantzungo luke. Herriko egun handia da hau, aurten hilaren 18an izango da eta Umore Ona elkartean herri bazkaria eginez hasiko dute, ohi denez. Zuriz jantzita, blusa berde ezaguna erabiltzen dute kalejiran kate moduan. Ura botatzeko eskatzen dute, baita jaso ere. Guzti horren ondoren, errekara abiatzen dira pixka bat garbitu, eta festan jarraitzeko asmoz.
Sanferminak oinarri
Pedro Mari Aizkorbe goizuetarra izan zen Peña sortzearen ideia paratu zuena. Iruñean lanean egon omen zen, eta sanferminetan peñak ezagututa, bururatu zitzaion herrian halako zerbait egiteko beharra. Herri txikia zen, eta giroa alaitzeko asmoarekin sortu zen ideia. 16 lagun gazte elkartu ziren orduan eta musika tresnak erosita hasi zuten denborarekin garatuz joango zen proiektua. Batzuk akordeoia, beste batzuk danborra, txindatak, bonboa...
Horrela 1959. urtean hasitako ideia 1960an plazaratu zen lehenengo aldiz. «Hasieran gutxi batzuk ginen arren, 1967. urtean 43 lagun elkartzea lortu genuen». Kuota bat ere jarri zuten, jarduerak ordaintzeko, eta 10 pezetarekin hasi, eta 500 pezetara igo zuten azkenean.
Pixkanaka fundamentua hartzen joan, eta Udalaz gain, hasi ziren eurak ere festak antolatzen. Dena beren patrikatik ordaintzen, noski.
Horrela denetariko ekintzak prestatzen zituzten; pilota partidak, dantzaldiak, bertsolariak, harri-jasotzaileak, mus txapelketak... eta dirua ateratzeko zurrakapotea saldu ohi zuten, baita tabernatxo bat hartu ere.
Udalak normalean laguntzen bazuen ere, urteren batean arazoren bat izan zuten pilota partidak ordaintzeko.
1984. urtean, aurten 25 urte betetzen dituelarik, Umore Ona elkartea sortu zen. Pixkaka elkartea festetako ekitaldiez arduratzen hasi zen, eta orain Peña elkarteko atala da. 250 bazkide dira, eta oso bolada onean dago taldea. 1960ko hamarkadan egin zen lan guztiaren fruitua da egun Goizuetako herriak duen elkartea. Dena dela gaur egun ere lan asko dago egiteko. Elkarteak, dantza eskola, futbito eskola, mendi irteerak... antolatzen ditu, herrian kultura eta jarduera ugari zabaltzearen alde egiten duen elkartea delarik.
50. urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi prestatu dituzte, alegia atzoko txupinazoa botatzeko «ohorea» izateaz gain, omenaldi bat egingo diete Peñen Egunean.
Beraz, Peña sortu zutenek batik bat, festa bereziak izango dituzte aurten.
Goizuetako plazan gauero dantzaldiak izango dira. Horretarako, Laiotz, Garraxi, Haitzama edo Joselu Anaiak, izango dituzte, besteak beste. Gainera 01.00etan Igandea txaranga irtengo da erronda egitera.
Umore Ona elkarteak, 25. urteurrena betetzen du, Peñatik sortu zen, festetako ekintzez arduratzeko hasieran, horrela elkartea ekintzak antolatzen joan zen, gaurdaino.
Peñari omenaldia egiteaz gain, argazki erakusketa prestatu dute Ikastolako txosnan. 500 argazki lortu dituzte, 1965. urteaz geroztikoak. Gainera, Juan Antonio Lekuonak liburuxka bat osatu du Peñaren historia azaltzen.
Festen egitaraua herriko erakunde guztiak bilduz osatzen dute Goizuetan, Umore Ona elkartea, gestorak, gazte asanblada, guraso elkartea... guztiek proposamenak ekarriz egitarau ofiziala osatu arte. Beraz, esan daiteke Goizuetan ez dagoela plangintza alternatiborik. Gazte Eguna ere ospatzen da -atzo izan zen-, eta gazteek jai batzordetik at osatzen badute ere, betiere Udala eta erakunde horien laguntza dute.
Adin guztientzako ekintzak aurki ditzakegu. Goizero dianak izango dira, txistulari eta dultzaineroekin, Tolosakoak, azken hauek. Goizeko zortzietan, eta ohitura galdu gabe, entzierroa. Gaur, Ama Birjinaren eguna izanik, meza nagusia eta prozesioa. Erraldoi eta buruhandiak ere kaleratuko dituzte, herriko karriketan barrena kalejira ibiltzeko.
Arratsaldero, pilota partidak. Hilaren 18an Peñaren Eguna izanik, eta 50. urteurrena, pilota partida aspaldiko ohiturari jarraituz egingo dute. Seiak inguru, merienda orduan zezenak izango dira plazan. Goizuetan ohitura da plazan bertan zezenak daudela mahaia jartzea eta bertan meriendatzea. Ondoren errekara doaz garbitzera. Herriko dantza taldea ere irtengo da. Txikientzako puzgarriak 17an, zirkua 19an... Azken egunean, sagardoa gustuko dutenentzat, Gipuzkoa eta Nafarroako sagardogile onenen sagardoa dastatzera emango dute. Gaur, bertsolarien trebezia entzun ahal izango dute plazan.
Gauean ezin dira txarangaren erronda eta plazako dantzaldiak falta. Hilaren 16rako kontzertuak antolatu dituzte Gaztetxean. Presoak ere ez dituzte ahaztu, eta atzo egin zen brindisaz aparte, gaurko, presoen aldeko afaria prestatu dute Umore Ona elkartean.
Goizuetarrek gozatzeko aukera paregabea dute sei egun hauetan. Herri txikia izanik ere ongi moldatzen dira denetariko ekintzak antolatzeko talde guztien artean. «Herri gutxitan gertatzen da erakunde guztiek bat etorri eta laguntzea». Aurten, dena dela, Peñaren 50. urteurrena delarik, Peñaren Egunean egingo dioten omenaldi beroa izango da garrantzitsuena. GARA