GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Ikurrina plazaratu dute Burlatako gazteek txupinazoan

Goizeko 12.00etan jaurti zuen suziria Miguel Rubio burlatarrak. Herriaren onuran berak egindako lanari erantzuna izan da, urte asko baitarama herriko hainbat ekintzetan laguntzen. Udalerriko plaza zuri-gorriz tindatu zen, denak txupinazoaren zain. Ikurrina plazaratzeko deiari ere erantzuna eman zioten, hainbat gaztek eraman baitzuten plazara. Horrez gain, udaletxeko balkoian, ikurrina eta euskal presoen aldeko banderola ere ikus zitezkeen.

p018_f02.jpg

GARA |

Erraldoi eta buruhandiak prest, umeak azken momentuan irina erosten, poliziak ingurua zaintzen, aiton-amonak plaza alboetan.... Hainbat gazte ikurrin, presoen aldeko banderola, eta Jon Anzaren desagerpena salatzen zuen pankartarekin, baita peñen pankartak ere...Goizeko 12.00ak puntu-puntuan Miguel Rubiok suziria jaurti zuen Burlatako festei hasiera emanez. Udaletxeko balkoian, ordurako, ikurrina koxkor bat eta presoen aldeko banderola eskegita zeuden, gero kendu egin bazituzten ere.

Txupinazoa botata, aurten 40 urte betetzen duten erraldoiak dantzan hasi ziren txistularien doinuan. «Nesken» txaranga ere karriketan barrena murgildu zen udaletxetik irtenda, giro bikaina sortuz herritarren artean. Umeak bitartean, plazan zabaldutako aparretan jolasean aritu ziren, gero gerokoak.... Petardoak botatzen ere ibili ziren, ez dira-eta inoiz festetan falta behar.

Burlatarrek gogotsu hasi zituzten sei egun iraungo duten festak. Goizaldean txosnak itxita zeuden eta arratsaldeko zortzietan ireki zituzten bertan antolatu dituzten ekintzekin hasteko asmoz. Guztira bost txosna daude.

«Sari handia tokatu zait»

Miguel Rubio burlatarrak txupinazoa bota izana, berarentzat sari handia tokatzea bezala dela adierazi du. 35 urte darama Burlatan ile-apaintzaile lanean eta herrian oso ezaguna da gaur egun. Ez soilik lanagatik, bazik eta herriko aretoko futbol taldearen eta herriko kulturaren alde egindakoagatik ere.

«Suziria jaurtiko nuela esan zidatenean ez nuen sinistu», azaldu zuen, berarentzat «ohore handia» da herriak berarengan pentsatu izana.

Herrian jende asko ezagutzen du, egun aretoko futbol taldeko presidentea da, eta herriak taldea gal ez zezan lanean aritu da azken urteotan, dirulaguntzak eskatuz eta. Guztia herriagatik egin duela argi utzi nahi izan du. Blues musikaren jarraitzaile amorratua da, eta kalean hainbat kontzertu eman ditu. Euskal Herria peñako kide ere bada, bertan hainbat ekintza prestatzen laguntzen duelarik.

Beraz, suziria berak jaurti izana, finean, horregatik guztiagatik izan da: eskaini duen laguntza eta herriarekiko duen jarrera eskertzea izan da batez ere arrazoi nagusia.

Egun hauetan nahiko urduri egon dela aitortu du, jendeak jakiterakoan kaletik gelditzen zuen galdetzeko... Dena dela, suziria botatzeko momentua «errazena» izan zela esan du, «ahoskatzen saiatu eta listo».

Jendeak berarekiko izan duen jarrera ere eskertzen du, azken batean, «guziek zoriondu naute eta ez dut kritikarik jaso».

Herri mugimenduak 13.00etan presoen aldeko brindisa egin zuen eta honen ostean, herri bazkaria izan zuten txosnagunean. Ehunka lagun bildu ziren primerako giroan eta bapo bazkalduta, poteo eta salbe alternatiboa egin zuten.

Salbea Burlatako ohitura da, 18.30ean egin zuten udaletxetik «subidica a la salve» esaten diotena. Honi laguntzen buruhandi eta erraldoiak, eta dantzariak txistulari eta gaita-jotzaileekin batera. Udalbatza osoa zihoan eta albotik inguratzen, bai udal polizia eta bai foru polizia.

Salbe alternatiboa gazteek egin zuten, parodia bat eginez urtero bezala, eta salbe tradizionalean doazen pertsona guztiez mozorrotzen dira, horrela ekitaldi barregarria antzeztuz.

Gaur gauekoak

Gaur, zortzietatik aurrera, dantzaldiak txistu eta gaitekin, txikientzako entzierroa, su festak, Larraitz plazan Scana taldearekin dantzaldia eta gazte gunean, Ekon eta Khous.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo