GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Iñaki Soto Filosofian lizentziaduna

Emakumeak gorroto dituzten emakumeak

Betidanik harritu nau emakumeak emakumeekin kupidagabeak izateko duten joera. Emakumeen artean oso hedatuta dagoen matxismo forma bat iruditu izan zait beti hurkoarekiko krudelkeria klase hori

Aurreko batean aipatu nuen bezala, «Millenium» idazlanaren lehendabiziko aleak Jon Anzaren kasua gogorarazi zidan, liburuaren korapiloa pertsona baten desagerpena delako. Nolanahi ere, trilogia harilkatzen duen gaia emakumeen aurkako indarkeria da, batez ere. Matxismoa, argi esateko. Eta bigarren alea irakurrita, alde honi erreparatu diot. Lehenik eta behin, gaztelaniaz irakurtzen ari garenok izenburua bera ere gaizki irakurtzen ari garela jakin dudalako. Lehendabiziko alearen benetako itzulpena «Emakumeak gorroto dituzten gizonezkoak» da, eta ez gure liburu-dendetara heldu den «Emakumeak maite ez zituzten gizonezkoak». Ondo hasten gara, emakumeen aurkako biolentzia tasa ikaragarria dagoen hizkuntz komunitate batean gauzak izenburutik bertatik epeltzen hasten bagara.

Halere, gogoeta beste nonbaitetik piztu zait. Iragan astean «Berria»k argitaratutako Larssonen lanari buruzko erreportaje batean, zenbait editore, kritikari eta idazlek «Millenium» fenomenoari buruz hausnartzen zuten. Balorazio literarioaz haraindi, nolabaiteko adostasuna zegoen adierazpenetan. Funtsean, idazlanak moralismo kutsu bat duela, eta Xabier Mendigurenen hitzetan, nobelari «progresismo light bat dariola» esaten zuten. Alegia, politikoki zuzena den liberalismo ezkertiar bat defendatzen duela, era epel batean gainera.

Oro har, ados nago. Baina Olof Palmeri buruzko komentarioetan baino nabarmenago, emakumeak beraiek karakterizatzeko moduan igartzen diot nik zuzentasun politikoa. «Millenium»en ez dago emakume gaiztorik. Guztiak dira, era batean edo bestean, biktima. Gizonezkoen erasoen aurrean duten jokabidean alde nabarmena dago, jakina. Eta horrexegatik dira batzuk heroiak eta besteak, nolabait esateko, bigarren mailako aktore. Baina, esan bezala, emakumeak «onak» eta biktimak izateaz gain, errespetuz tratatzen dituzte gainontzeko emakumeak. Ez dago horien artean emakumeak gorroto dituen emakumerik. Guztiek dute kontzientzia feminista minimoa. Gure egunerokotasunean hain naturala ez den joera, nire ustez.

Jakin badakit emakumeen etsai nagusia generoaren ikuspuntutik gizonezkoak direla -garela, politikoki zuzenak izaten jarraitzeko-, haien aurkako biolentzia gizonezkoen eskutik datorrela eta ez beste inorengandik. Feminismoarentzat eta, oro har, ezkerrarentzat hau lehentasun politikoa da, zalantzarik gabe. Hau guztia txukun irudikatzen du Larssonek, eta horixe da nobelaren balioetako bat, agian balio nagusia. Baina betidanik harritu nau emakumeek emakumeekin gupidagabeak izateko duten joera. Emakumeen artean oso hedatuta dagoen matxismo forma bat iruditu izan zait beti hurkoarekiko krudelkeria klase hori. Horregatik izan da Larsson politikoki zuzena: bizi ez denari buruz idaztean geure buruari mugak jartzen dizkiogulako. Fikzioa bada ere, hori egitean errealitatea islatzen ari bagara ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo