Eusko labela duten produktuetan ekoizle falta dago
Kalitatea Fundazioak abian jarri du «Kalitatea errentagarria da zuretzat» kanpaina informatiboa, ekoizle falta duelako Eusko Labela duten Arabako Patata, Tolosako Babarruna, Baserriko Arrautza, Gernikako Indaba eta Libre Hazitako Txerriaren produkzioan.
Iñaki SALABERRI
Krisi kapitalista dela-eta albiste ugari agertu dira azkenaldian: ekonomiaren atzeraldia, langabezia, desinbertsioak... gehienak kutsu edota mezu ezezkorra dakartenak. Baina, behingoz, ekoizpen eta langile falta duen sektorea agertu da, kalitatezko jakiena, hain zuzen ere.
Dirudienez, krisi garaian eskaria polarizatu egiten da; batetik, «marka zuri» delakoak, eta bestetik, kalitatezko produktuak, tarteko beste produktu eta marka asko desagertzen direlarik. Eusko Labela duten jakiak merkatua handitzen ari direnen artean kokatzen dira, horien eskaria eskaintza baino nahikotxo handiagoa baita, kontsumitzaileak oso fidelak baitira eta lehiakide falta baitago, batez ere kalitatezko patata, indaba edo babarrun, arrautza, txerria eta eztiari dagokienez.
Merkatuan gertatzen den desoreka horrek ez luke arazorik sortu behar epe luzera, baina urtebetean kalitatezko jakien prezioaren gorakada handia bultza lezake.
Kontsumitzaileen behar eta nahiak asetzeko asmoz, Eusko Labela kudeatzen duen Kalitatea Fundazioak kanpaina informatibo bat jarri du abian, «Kalitatea errentagarria da zuretzat» lemarekin. Horretarako Euskal Autonomia Erkidegoko 251 udalerriri, lehen sektoreko 200 teknikari zein administrariri, Eusko Labelak biltzen dituen 2.400 ekoizleei eta inoiz Eusko Labelekoak izan arren orain ez diren 2.500 ekoizleri informazioa bidali diete. Hori gutxi ez eta, diputazioak eta Eusko Jaurlaritza ere informatu dituzte, nahiz eta udalerriak hartu dituzten ardatz, hurbilekotasuna, eta batez ere, kudeaketa kontuez udalerriak arduratzen direla aintzat hartuta.
Eusko Labelaren ateak edonorentzat daude irekita, baina kanpaina, bereziki, honakoei zuzenduta dago: arrautzak, eztia, babarrunak, indabak edota txerriak ekoizten dituztelarik, Eusko Label barruan ez daudenei, produktuok ekoitzi ez baina produkzioa dibertsifikatu nahi dutenei, sektorearekin zerikusia duen prestakuntza jasotzen ari diren gazteei eta nekazaritza eta abeltzaintzarekin lehen aldiz harremana eduki nahi duen edonori. Honez gain, eta kontuan hartuta historikoki krisi garaietan lehen sektorea indartu egin izan dela, beren lan etorkizunaz hausnartzen ari diren gazteentzat, langabezian daudenentzat, astia dutenentzat eta lehen sektorean interesa duen edonorentzat aukera ona izan daitekeela nabarmentzen dute.
Markaren onurak
Fundazioak aldarrikatzen duenez, abantaila garrantzitsua izan daiteke Eusko Label zigilua edukitzea, alde batetik, elkarte barnean ekoizteak lehen sektorearen garapena, inguru eta ingurumenaren zaintza eta ekonomiaren hazkundea bultzatzen baititu, jarduera errentagarria burutzeaz gain. Bestetik, elikagaien kalitate maila altua, benetakotasuna eta jatorria kontrolen bidez bermatzen duen markak, ekoizleen lana defendatzeaz gain, kalitatezko ekoizpena eta kontsumitzaileei ondo zerbitzatzea ditu helburutzat. Hori bai, Label zigilua lortzeko ezinbesteko baldintzak daude: EAEn ekoiztea, lehengaien gehiengoa bertokoa izanik; kalitate goreneko elikagaiak ekoiztea eta horretarako kontrol sistema edukitzea, eta produkzio bolumen txikia egitea.
2007ko txostenean argitaraturiko datuen arabera hamabi dira produktuak eta beste hainbeste pertsona daude Fundazioan lan egiten, 3.650 ikuskapen eta auditoria eta 3.160 azterketa eta proba analitiko egiten dituzte urtean, eta Labela duten produktuek, batera, 107 milioi euroko fakturazioa eduki dute. Azkenik, gogoratu beharra dago lehen sektorean ekoizteko jarduera oso dirulaguntza adierazgarriz babesturik dagoela, batez ere Europar Batasunak bideratzen dituenak, nahiz eta mota askotakoak dauden.
Fundazioa
Janarien Kalitateko Eusko Labelaren elkartea 1985ean proiektatu zen arren, lau urte geroago sortu zen Lege Dekretu bidez, eta orduan diseinatu zuten «K» kalitatezko euskal elikagaien ikur famatua. Hala eta guztiz ere, 1992ra arte ez ziren lehen Eusko Label produktuak merkaturatu. Aldaketa garrantzitsuena 1998az gero gertatu zen, orduan Kalitatea Fundazioa eratu baitzen, eta Janarien Kalitateko Eusko Labelaren Kontseilu Erregulatzailea iraungi. Ordudanik ENACen akreditazioa lortu zuen kontrol erakunde eta produktuak ziurtatzeko erakunde gisa. 2005ean zigilua berritu zuten.
Kanpaina edota Fundazioari buruzko informazioa nahi duenak www.euskolabel.net Interneteko helbidera jo dezake.