TKE Liga Zarauzko Banderaren bigarren jardunaldia
Aurkariak aldatzen dira, baina Castro izaten da irabazle ia beti
Pedreñarekin estu lehiatu zen «La Marinera» lehen bi luzeetan. Gipuzkoako selekzioarentzat izan zen Euskotren Ligako azken bandera.
GARA | BILBO
Lehenengo San Pedroren aurka; inoiz Kaikuren kontra, larunbatean Orio atzean utzi ezinik eta atzo, berriz, Pedreñarekin orpoz orpo. Aurkariak nonahi azaltzen zaizkio Castrori, baina gehienetan garaile ateratzen da «La Marinera» ontzi gorria.
Atzo ere, bezperan bezala Oriorekin eta Pedreñako kantabriarrekin lehia benetan estua izan zuen Castrok. Bigarren luzearen amaieran Pedreñak hiru segundo ateratzen zizkion «La Marinera»ri, baina hirugarren luzetik aurrera bere legea ezarri zuen TKE Ligako buruak. Azken bi luzeetan 15 segundo jan zizkion Pedreñari, Zarauzko XXXII. Banderaren bigarren jardunaldia ere poltsikoratuz.
«Bagenekien Oriok eta Pedreñak gogor joko zutela», adierazi zuen estropadaren amaieran Iker Jimenok, «La Marinera» ontziko patroiak. «Beraien erasoei eustea lortu dugu lehenengo, eta gero izugarrizko hirugarren eta laugarren luzeak egin ditugu. Koadrilak burua hotz eduki du hasieran, eta gero gorantz egin du bere burua aurrean ikustean. Espainiako Txapelketako hanka-sartzeetatik ikasi dugu, dirudienez. Orduko hartan huts handia egin genuen eta tira, ez dago inoiz hanka sartzen ez duenik, baina asteburuan erakutsi dugu hutsegite hartatik ikasi dugula», gaineratu zuen.
Hondarribia eta Kaiku izan ziren atzo maila onean arituriko beste bi ontziak. Bigarren txandako onenak izan ziren eta, esaterako, txanda nagusian aritu zen San Pedrok baino denbora hobea egin zuten. Egia esan, «Libia»k atzo oso egun eskasa izan zuen eta lehenengo luzetik ikusi zen ez zegoela lehiakideen maila berean. Beste hainbeste esan liteke Urdaibairi buruz ere. «Bou Bizkaia» traineruak ez zuen bezperan emandako mailarik erakutsi, ezta gutxiagorik ere, eta zortzigarren postuaz konformatu behar izan zuen, Zarauzko «Enbata»ren atzetik.
Aurreneko txandan, berriz, Tiran nagusitu zen ohiko moduan. Zumaiako «Telmo Deun»ek ohi baino estropada makalagoa burutu zuen eta, bada, azken-aurreko postuan konformatu behar izan zuen, Arkote baino ez zuelarik atzean.
TKE Ligak 2009ko ekitaldia amaitzeko oraindik beste sei estropada falta ditu, baina ia ziurtzat jo daiteke Castrorentzat izango dela -bestela, punturik bildu gabe amaitu beharko luke pare bat probatan-. Hala ere, nahiz eta eguraldia zein itsasoa behar bezalakoak izan, Castrok ezin izan zuen atzo bere iazko errekorrik ondu eta, bada, 6.000 euroko gainsaririk gabe etxeratu behar izan zuen. Dena dela, ez dirudi «La Marinera»ko gizonengan pena handirik sortu duenik kontu horrek. Datorren asteburuan Hondarribian eta Pasai San Pedron izango du hitzordua TKE San Miguel Ligak.
Gipuzkoarentzat azken trapua
Euskotren Ligak, bestalde, atzo izan zuen amaiera eta, bada, Gipuzkoako selekzioaren garaipenaz amaitu zen. Gipuzkoarrek emakumeen ligako txapeldunorde izatea erdietsi zuten honela baina, bide batez, baita Zarauzko bandera ere, galiziarrekiko bezperatik zekarten atzerapenari buelta ematea erdietsi baitzuten. Hala, jokoan izan diren aurreneko eta azken banderak Gipuzkoara bideratu dira nahiz eta ligako erabateko agintea galiziarrena izan den.
Emakumeen liga amaitu delarik, hurrengo proba garrantzitsua Kontxako estropada izango da, beronen historiako bigarren ekitaldian.