GARA > Idatzia > > Kultura

Lagunarteko agur hunkigarria egin zioten atzo, Iruņean, Pablo Antoņana idazleari

«Idazle erostezina» edo «basati eta hezigaitza» bezalako hitzak aurki zitezkeen atzoko egunkarietan, Pablo Antoñana idazlearen heriotzak merezitako oihartzuna izan baitzuen. Etxekoek agurra egin zioten atzo.

p042_f01_147x108.jpg

GARA | IRUÑEA

Kulturaren, komunikabideen eta politikaren arloko ordezkariak, baita herritar ugari ere bildu zen atzo egurdian Iruñeko hilerrian, Pablo Antoñanaren senitartekoei babesa eman nahian. Joan den ostiralean utzi gintuen nafar idazle handiak, 81 urte zituela, eta lagun fidelak eta miresle ugari zituela garbi ageri da egunotan, Pablo Antoñanaren heriotzaren berri zabala eman dutelako Euskal Herriko komunikabide gehienek.

Aste honetan omenaldia egingo diote, zein egunetan artean zehazteke egon arren, -seguruenik asteazkenean, Nafarroako hiriburuko Erraldoien Txokoan-, baina atzo etxekoek egindako ekitaldira hainbat lagunek bertaratu nahi izan zuen.

Pablo Antoñanaren gorpua zeraman hilkutxa kanposantura iritsi zenean, bertan erraustu baitzuten, dantzari bikote batek ohorezko aurreskua dantzatu zuen idazlearen alargunaren, Elviraren, eta alaben aurrean. Ekitaldi hunkigarri horretan Garako zuzendaritzako ordezkariak izan ziren, baita euskal kulturako eragileak -idazle, historialari eta argitaratzaileak gehienbat, Pamiela eta Txalapartakoak kasu-, eta politikariak ere, Koldo Amezketa (EA) eta Patxi Zabaleta (Aralar) eta Nafarroako erakundeetako ordezkariak, Juan Ramon Corpas Kultura eta Turismoko sailburua barne.

Vianako idazlea ostiralean zendu zen, 81 urte zituela bere betiko etxean, Iruñean. Pertsona kontsekuentea eta konprometitua, urte askoan baztertua izandakoa mota guztietako bidegabekeriak ozen salatu baitzituen beti, eta 1996. urtean Vianako Printzea saria eman ziotelarik, haren eskutik, urte luzez ukatua izandako onarpen ofiziala jaso zuen. Dena den, herritarren atxikimendua aspaldian bereganatua zuen, bere lanak, eta batez ere prentsan egin zituen milaka kolaborazioak zirela-eta, jarraitzaile sutsuak zituelako. Gara sortu zenetik, Pablo Antoñanaren lumak egunkari honetatik zorrotz aztertu ditu milaka gai, milaka istorio.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo