GARA > Idatzia > Iritzia > Azken puntua

Amagoia Mujika kazetaria

Kabestrua jantzita ikusten ez direnak

 

 

Donostiako jaiak. Paseoa, geldialdia. Kaleko artistek markatzen dute erritmoa. Tira, zorionez, piratak ere hasi dira agintzen. Baina, piratenganaino iritsi aurretik, jende multzo batek eta besteak irentsi nau. Total, konturatzerako, argentinar batzuei begira nagoela. Salto ikaragarriak egiten omen dituzte. Egingo dituzte akaso, baina hamar minutu daramat begira eta mingaina baino ez dute astintzen. Betiko topikoekin hasi dira. Jendartetik bi neska hartu eta soka bat bere buruaren parean eusteko eskatu die berriketariak. Eta neskek kopetaren parean jarri diote soka. Hor ezetz, buruaren parean esan duela. Eta soka hankarteraino jaitsi du. Auzo lotsa sentitu dut. Saltorik ez dut ikusi.

Donostiarrak goizegi hasten direla «drogatzen» esan dute jarraian. Arratsaldeko lehen orduan beren txisteek hainbeste grazia egitea ez zaie normala iruditu. Niri ere ez. Gehiago ezin eta joaten hasi naiz. Ez naiz txartzen ari den bakarra, jende dezente hasi da mugitzen eta emakume bat seinalatu du argentinar berritsuak: «Señora, no se vaya, que no hemos terminado. Ojalá la violen en la siguiente esquina. Y con harina, para que le duela más». Barre disimulatuak eta isilunea.

Ezin dut sinetsi. Baina, bai, horixe da entzun dudana. Asaldatuta, haserre, lotsatuta, pausoa bizkortu dut. Kasko beltzez jantzitako ertzain multzoa saihestu behar izan dut ihesaldian. «Herritar guztien errespetuaren» izenean paretak mututzen ari dira, ez dakit noren ongizatea zaintzen. Nirea, behintzat, ez. Hobe lukete argentinar horiek isilaraztea. Baina kabestrua jarria dute eta arrisku bat eta bakarra ikusten dute. Niri, alde batera eta bestera dauden arriskuek, kabestrua jantzita ikusi ezin direnak, ematen didate benetako ikara. Horregatik, nahiago dut nire ongizatea neronek zaindu.

 
 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo