Bi lagun atxilotu dituzte Bilbon agiri faltsuen sare baten aurkako operazioan
Dokumentuak faltsutzea leporatuta bi lagun atxilotu zituzten atzo Bilbon. Era guztietako dokumentuak egiten zituen sare baten parte ziren, eta besteak beste, Nigeriako neska gaz- teak Estatu espainolera zein Alemaniara eramaten zituzten, han sexu lanetara behartzeko.
GARA
Dokumentuak faltsutzea eta legez kanpoko immigrazioa bultzatzea egotzita bi lagun atxilotu zituen atzo Bilbon Polizia espainolak. Dirudienez, mota guztietako agiriak egiten zituen sare bateko kideak ziren. Bestalde, Alemaniako Polizia Kriminalarekin elkarlanean, beste 51 pertsona atxilotu zituzten Estatu espainolean eta beste bat Alemanian operazio beraren baitan.
Atxilotuek mota guztietako agiriak faltsutzen zituzten, eta Nigeriako emakumeak Alemaniara zein Estatu espainolera eramateko erabiltzen zituzten agiriok. Gero, emakumeez baliatzen ziren sexu esplotaziorako.
Polizia espainolak adierazi zuenez, 2009. urte hasieran abiarazi zuten ikerketa, era guztietako agiriak faltsutzen zituen gizon baten berri izan zutenean. Geroago, Alemaniako Poliziak pertsona bera eta bere bikotekidea bilatzeko laguntza eskatu zien agente espainiarrei. Gizon hori aditua zen faltsutzean, eta bere emaztea hainbat herrialdetako neska gazteak prostituzioan sartu eta haiek kontrolatzeaz arduratzen zen. Bikote horren ingurukoak ikertzen hasita, pixkanaka faltsutzeetan aritzen zen sare handi bat aurkitu zuten.
Agiri faltsuen artean mota guztietako dokumentuak aurkitu zituen Poliziak atzoko operazioan. Esate baterako, pasaporteak, egoitza eta lan baimenak, aurrekarien ziurtagiriak edo gidatzeko baimenak. Ikerketan aritutako poliziek adierazi zutenez, «agirien barietate zabalak, bezeroen eskarien arabera lan egiten zutela erakusten du». Faltsututako agiri gehienak emakume nigeriarrei legez kanpoko sarbidea emateko erabiltzen zituzten.
Bezerorik garrantzitsuenetakoa, berriz, Polizia alemaniarrak ikertzen zuen emakumea zen. Faltsututako agiriei esker, Nigeriatik emakumeak eramaten zituen, ondoren sexu lanetara behartu eta esandakoa bete ezean budu errituekin zigortuko zituela-eta mehatxatzen zituen.
Komenientziazko bikoteak
Poliziak desegindako erakunde horrek irregulartasun egoeran zeuden Nigeriako herritarrei ezkontza faltsuen bidez egoitza baimena lortzeko aukera ere eskaintzen zien. Hitzartutako ezkontzak egiteko, egoera erregularrean zeuden nigeriarrez zein espainiar herritarrez baliatzen ziren.
Atzemandako materialen artean zeuden 300 agiri eta 44 zigilu faltsu, agiriak egiteko moldeak, txartelei estalkiak jartzeko 6 gailu, 8.310 euro eskudirutan, 100 gramo heroina, 30 bitxi eta budu errituetarako tresnak.