Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com
Erromatarrak eta «kaifas»ak
Frankismoko demokrazia eta bake santuari berriro ere antzematen hasia zaio bere hankatxorik beltzena. Eta «kaifas»ak betiko legez, buruan euren herriaren kontrako erasoa boterera bueltatzeko zelan aprobetxatu beste ezer dutela
Telebista guztietako albistegiek eman dituzte zuri-beltzeko irudiak, non, hemendik urrun, Ameriketako Estatu Batuetan alegia, sei poliziak atxilotu bat jipoitu duten. Telebista guztietako esatariek gaitzetsi dituzte irudiok, polizien bortxakeria eta atxilotutakoaren babesgabetasuna, berbaz eta begirakuneaz... Oso bestelakoa izan da, polizia gehiago eta populazio babesgabea tarteko, Gernikako alkateak Ertzaintzaren karga basatiaren kontrako adierazpideen aurrean, beharbada askoz hurbilago izan delako. Salaketa xumea izan da, irakurketa denen gustura utzi nahian, epela, baina edozein alkatek eta edozein arduradun politikok bere herriko auzokideak babestearren egin beharreko gutxienekoa izan da.
Hala ere, alkate horrek asko dauka irakasteko beste asko eta askori. Ataka honetan gero eta gehiago dira mozorroa kentzen ari direnak, espainolei morroi eta txakur txiki esker onekoak direla erakusteko prest. Goiko instantzietan etengabean ikusten dugu Alderdia loreak, eskaintzak eta akordioak botatzen Franciscori, eurak boteretik kentzeko modua zilegi izan ez bazen ere, maitasun apur baten truke dena ahazteko prest ei daudelako. Azken batean, ontzi berean doaz aspalditik. Normala da herrietan ere alkateak irrikaz egotea eurak ere erakusteko. Duela gutxi, alkate hauetako bati pintadak berandu kentzen zituela esan ziotenean, benetan mindu zuten bere kooperazio eta konplizitatea zalantzan jarri zutela-eta. Orain, jaien atarian, ez du denbora alferrik galdu herritarrei «arau» berriak ezartzeko, beste inork baino lehenago, beste inork baino hobeto, lege espainol faxistak zaindu ahal dituela erakustearren, ezta Cazalis?
Istorio bat kontatuko dizuet. Jaungoikoa eta lege zaharra hainbeste maite dituzuenoi, ateo batek gogorarazi beharko dizue Bibliako pasarte hau: «Kaifas sazerdote saduzeoak erromatarrek okupatutako herria konpartitzen zuen Jesusekin, baina ezer gutxi gehiago. Izan ere, Kaifas Valerio Grato prokuradore erromatarrak ipini zuen kargu erlijioso gorenean. Normala, beraz, Kaifas erromatarrekin zorretan egotea eta boterea eman ziotenak zaindu beharra. Kaifas beldur zen ez ote zuen Jesusek bere posizioa arriskuan jarriko, baina ez zeukan botererik berau epaitzeko. Hala ere, Kaifas izan zen lehena Jesus atxilotzen eta erromatarren eskuetan uzten. Egia da historia etengabe errepikatzen dela. Okupatzaileek mendeetan eta munduan zehar beti izan dute herri okupatuetako laguntzaile premia, horixe baita modurik zuzenena eta «baketsuena» herri bat menderatzeko. Judean zein Euskal Herrian.
Frankismoko demokrazia eta bake santuari berriro ere antzematen hasia zaio bere hankatxorik beltzena. Ez da terrorismoa gaitzesten duena, ezta aukera politiko zehatz bat borrokatzen dena ere, Euskal Herriaren kontrako erasoaldi basatia da Espainia cañi konstituzionaleko indarrak burutzen ari direna. PPkoak ikurrinen kontra, baita herritar batek kamisetan jantzita badarama ere; UPN, CDN eta PSN Berriozarren, PP eta PSE Bilbon, jaietako txupinazoa ere galarazi nahian; denak «herritarren jaiak defendatzen», hoteletan sartuta ospatu bitartean... Eta «kaifas»ak, betiko legez, buruan euren herriaren kontrako erasoa boterera bueltatzeko zelan aprobetxatu besterik ez dutela.