GARA > Idatzia > Kirolak > Txirrindularitza

Eneco Tourra

Tyler Farrar, irabazle izaten ohitzen ari den sprinterra

Estatubatuarrak segida eman zion Hanburgon lortutako garaipen ederrari eta bera da lider berria. Koldo Fernandez de Larrea erori egin zen esprintean.

p039_f01_666x666.jpg

GARA | ARDOOIE

Tyler Farrar estatubatuarrak garaipenak pilatzen jarraitzen du. Aurreko igandean Hanburgoko Sari Nagusia irabazi ondoren, atzo Eneco Tourreko aurreneko etapa irabazi zuen, eta bera da sailkapen nagusiko lider berria. Garmin taldeko txirrindulariak Tom Boonen eta Edvald Boasson utzi zituen atzean Ardooieko helmugan besoak jaso ahal izateko, eta lau segundoko tartea du flandriarrarekiko.

Euskal txirrindulariei dagokienez, ordea, ez zen egun ona izan atzokoa. Gizon azkarrenak esprinterako kokapen egokia hartzen ari zirenean erorikoa izan zen tropelaren buruan, eta lurrera joan zenetako bat Koldo Fernandez de Larrea izan zen. Euskalteleko arabarrarekin batera erori zirenak Koen De Kort (Shimano), Baden Cooke (Vacansoleil), Sebastian Turgot (Bouygues) eta Gorik Gardeyn (Silence) izan ziren.

Azkenean, Aitor Galdos eta Josu Agirre taldekideen laguntzarekin, Koldo helmugara iristeko gai izan zen, irabazlearengandik lau minutura. Ricardo Otxoa Sari Nagusia eta Burgosko Itzulian etapa bat irabazi berri dituen esprinter euskaldunak kolpe ugari ditu gorputzean, baina gaur parte hartzeko prest izango da.

Igor Anton eta Egoi Martinez, Plouayko Sari Nagusian

Igor Anton, Egoi Martinez, Alan Perez, Amets Txurruka, Ruben Perez, Markel Irizar, Iñaki Isasi eta Jorge Azanzak osatuko dute Euskaltel Euskadik igande honetan Plouayko Sari Nagusian aurkeztuko duen zortzikotea. Azanza izan ezik, beste guztiak Samuel Sanchezekin arituko dira hastear dagoen Vueltan.

Armstrongen beste deialdi arrakastatsu bat

Adin guztietako 200 bat txirrindulari bildu ziren aurreko asteartean Glasgoweko kaleetan Lance Armstrong txirrindulari estatubatuarrarekin entrenatu ahal izateko. Tourra zazpi aldiz irabazi duen amerikarrak Irlandako Itzulian hartuko du parte asteburuan, eta egunotan Eskozian izan da U2 taldearen kontzertu bat ikusteko asmoz. Hala, eta entrenamenduak bakarrik ez egiteko, deialdia egin zuen Twitter gunean: «Hey Glasgow, zuen etxera joatekoa naiz asteartean. Nor animatzen da bizikletan buelta bat ematera?». Proposamenak arrakasta izan zuen eta Paisleyko hotelera iritsi zenean ehunka lagun zituen bizikleta hartuta bere zain.

Dumoulin da lider berria Limousingo Tourrean

Samuel Dumoulin Cofidis taldeko txirrindulari frantsesa da lider berria Limousingo Tourrean. Dumoulinek esprintean irabazi zuen atzo jokatutako bigarren etapa, Agritubel taldeko Romain Feillu eta Française des Jeux taldeko Sebastian Chavanel herrikideen aurretik.

Ezusteko handia Utahko Itzuliko lehen etapan

Ezusteko nabarmenarekin hasi da Utahko Itzulia, Amerikako Estatu Batuetan. Aurreneko etapa irabazteko faborito nagusia eta ia bakarra David Zabriskie baldin bazen ere, Brent Bookwalter ezezagunak aurrea hartu zion. Garmin taldeko txirrindularia bi segundora dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo