Lehergailu bat aurkitu dute Basusarriko higiezinen agentzia baten aurrean
Atzo goizean presio-eltze batekin egindako lehergailu bat aurkitu zuten Basusarriko golf zelai ondoko higiezinen agentzia aurrean. Bertan «Euskal Herria ez da salgai» zioten pintadak agertu ziren. Aurtengo udan Lapurdin lelo horrekin batera aurkitutako bigarren lehergailua da.
GARA
«Euskal Herria ez da salgai» kanpainaren eraso berri bat gertatu atzo. Oraingoan higiezinen agentzia baten aurkakoa izan zen. Lehergailua agentziako arduradunak atzeman zuen goizeko hamarretan denda irekitzera zihoanean. Artezilariek eguerdian indargabetu zuten aparailua. Baionako artezilariak eta Uztaritzeko jendarmeak hurbildu ziren gunera. Azken hauek jakitera eman dutenez, jarduteko erari dagokionez, ohiko moduan egin zuten atzoko erasoa. Presio-eltze bat erabili zuten egileek, antza, lehergailua egiteko.
Uztailaren 29an Donibane Lohizuneko Xantako golf zelaiko jatetxearen aurrean horrelako beste lehergailu bat ezarri zuten dinamikako kideek.
Basusarriko agentzia Makila golf zelaiaren parean dagoen merkataritza gunean dago. Hilaren 4an «Euskal Herria ez da salgai» dinamikak kaleratu zuen komunikatuan eremu horren kontrako iritzia agertu zuen jadanik: «Arrangoitzeko eta Basusarriko golfek belarguneen bazterrean garatzen dituzten proiektu handiekin, hots, bigarren etxebizitzak, etxe izugarri garestiak eta turistentzako erresidentziak tarteko, lurren eta etxeen prezioen emendaketan parte hartze zuzena dute».
Maiatzaren 28an Arrangoitzeko golfaren kontra egindako erasoa aldarrikatzen zuen komunikatuak. Alta, azken erasoen artean ez ziren Basusarriko golfa edo bere inguruak. Makila zelaiaren aurkako erasoa 2007ko maiatzean jazo zen. Molotov koktel batek sutea sortu zuen golfeko jatetxean.
Golf zelaien kontra
Azken hilabeteetan golf zelaien kontrako lau eraso izan dira, laurak «Euskal Herria ez da salgai» dinamikak aldarrikatuak. Arrangoitzekoaz eta Donibane Lohizunekoaz gain, Angeluko Xibertan zuloak eta kalte ugari eragin zituzten zelaian maiatzaren 13an.
Horrelako erasoa jazo zen uztailaren 29an Ziburuko golf zelaiaren kontra ere.
Uda honetan higiezinen agentzien kontra gertatu den bigarren erasoa izan da. Lehena uztailean jazo zen Azkaingo Ernest Fourneau karrikan dagoen Ascain Inmobilier agentziaren aurka.