Koldo Aldabe 2009/8/19
Diamanteen lapurrak
Paris, maiatzaren 30a: lapur talde bat Chopard bitxi dendan sartu eta sei milioi euroren balioko diamante eta bestelako harribitxiak ostu zituen.
Londres, abuztuaren 6a: bi gizonezkok Graff bitxi denda lapurtu zuten eta 46 miloi euroren balioko altxorra eraman zuten.
Geneva, abuztuaren 17a: Chatila bitxi dendatik milioika libera suitzar batzuk eta balio handiko harribitxiak ostu zituzten.
Banku lapurretak baino etekin handiagokoak dira harribitxien saltegietakoak; dirutza handiagoa eskuratzeko eta arrisku txikiagoa hartzeko ekintzak; eta, bistan denez, arrakastatsuagoak.
Lehenago edo geroago, dena den, harribitxi horiek erosi ahal dituztenen gorputzak apainduko dituzte berriro, diamante bat, De Beers-ek zioenez, betiko baita.
De Beers. Afrikako diamante lapurrik handiena. Harribitxi odolduak. Botswanako boskimanoen hiltzaile.
Oraintxe bertan argitaratuko den liburu batean, lehen aldiz Botswanako goi funtzionario batek aitortu du diamanteak zirela boskimanoak Kalahariko beren guneetatik egozteko arrazoi nagusia. Egotzi eta haien ur putzuak hondatu zituzten mende hasieran, itzul ez zitezen. Atxilotu, torturatu eta hil ere egin zituzten. 2006an, Botswanako Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zien boskimanoei. Itzul zitezkeen egotzitako lurretara. De Beersek amore eman behar izan zuen, epaiagatik baino gehiago, Lehen Munduan hartu zuen izen txarrarengatik. Kalahariko meatzeak ustiatzeko baimenak Gem Diamonds enpresari saldu zizkion. Hark diamante guztiak eraman nahi ditu, 2.200 milioi dolar inguru irabaziko duela uste du. Boskimanoek ura ezin lortu diraute; Gobernuak ez du hatzik mugitu putzuak lehengoratzeko.
Lapurreta horiek, ordea, ez dira titular bihurtzen. Betikoak dira.