Antzina bezala, gizonezkoek dantzaren bidez gorteiatuko dute maitea Elgoibarren
San Bartolomerekin batera heldu dira jaiak Elgoibarrera eta ekitaldi ugariek ez dute aspertzeko betarik utziko. Urtero sokadantza egiten da, baina aurten 75. urteurrena betetzen dela-eta, esanahi berezia izango du. Antzina egiten zen legez, gizonezkoek emakumezkoen maitasuna eskuratzeko dantza egingo dute. Amaierarako neskaren bihotza bereganatu arren, zapiek bananduko dituzte bikoteak, jendau- rrean maitearen eskua ukitu ezin zen garaietan bezala.
Oihane LARRETXEA |
Makina bat dira Euskal Herriko betiko dantzak. Ohitura eta tradizio ezberdinen isla direnez, horiek mantentzeak eta zain- tzeak berebiziko garrantzia izan du. Horrela, belaunaldiz belaunaldi igorrita, gaur egun mendeetako historia duten dantzez gozatzeko aukera dago.
Batzuk urteak igaro eta ahaztuta gelditu dira, eta beste asko gerren ondorioz galdu dira. Hala ere, zailtasunen gainetik, gure artean bizirik dirauten dantza ugari dira.
Gorputzarekin keinu ezberdinak eginez, edo oinak honela edo beste hartara mugituta, sentimenduak, nahiak eta desioak plazaratzen ziren, agian hitzen bidez adierazteko ausardiarik ez zutenentzat asmatuak.
Gorteiatzeko dantzak
Sokadantzak leku berezia du Euskal Herriko leku askotan. Mendeetan bidaiatu du dantza honek, eta desagertzeko mehatxuak igarota, inoiz baino biziago dago orain euskal dantzariei esker.
Jatorriz, gizonezkoen dantza da, herriko emakumeak gorteiatzea baitzuen helburu. Festetan edo erromeria egunetan herritarrak plazan biltzen zirenean, mutilek neska hartu nahi izaten zuten, baina horretarako haiek konbentzitu beharra zegoen lehendabizi. Trebeenak gustukoa zuen neska dantza bitartez erakartzen zuen eta ondoren elkarrekin dantzan aritzeko gonbita egiten zion.
Garai hartako errealitatea islatzeko asmoz dantzatzen da Elgoibarren biharko San Bartolome egunean sokadantza.
Aurten, 75. urteurrena ospatuko da Haritz Euskal Dantza Taldearen eskutik. Bertako kide Jon Lizarraldek adierazi duenez, «guztietan egun bereziena izaten da honakoa».
Dantzan norgehiagoka
Herriko plazan dantzaldia egin ahal izateko, alkateari baimena eskatzen zaio lehenik, eta horretarako, ilaran aurreneko jartzeko gonbita egiten diote auzapezak baiezkoa eman arte.
Dantzariak ilaran kokatuta daudela, aurreskulariak irekitzen du lerroa, eta bukaera, berriz, «atzeskulari» deiturikoak ematen dio.
Bi pertsonaia hauek dira taldeko protagonistak, beraien artean dantzatzen baitira ondorenean egiten diren erronka dantzak.
Indarra erabiltzen ez badute ere, nolabait ere borrokan jarduten dute elkarren artean, finean, biak, maite duten neskaren maitasuna lortzeko, norgehiagoka aritzen baitira.
Hala, lehia horretan garaile ateratzen den dantzariak taldeko kide bat bidaliko du ikusleen artean dagoen emakumea- ren bila.
«Gaur egungoa antzezpena den arren, aspaldian hau horrela gertatzen zen», adierazi du Lizarraldek. «Gorteiatzea gizonezkoen gauza zen arren, orain emakumezkoek ere dantzatzen dute sokadantza».
Lizarraldek azaldu duenez, amaierarako guztiek bikotea aukeratu eta talde handi bat osatzen dute.
Alta, debekatuta dute albokoa ukitzea. Aspaldiko ohiturari jarraiki, bikoteari ezin zaio eskutik heldu, bien artean dagoen zapiaren bidez egiten dute.
Urte horretakoak dira Elgoibarko sokadantzaren inguruko daturik zaharrenak. R.M. Azkuek egin zuen ikerketari esker jakin zen urte hartan hasi zirela Gabon Zahar egunean aurreskuak dantzatzen.