GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

Top14

Bigarrengoan Biarritzek gauzak ongi egin ditu

Zuri-gorriek puntu gehigarria ere erdietsi zuten bost entsegu eginda.

p042_f01_31870.jpg

BIARRITZ 39
ALBI 6

Jon LEUNDA |

Lehen jardunaldian Ligako finalerdietan sartzeko aurkari zuen baten aurka galdu ostean, Biarritzek ezin zuen berriro hutsik egin. Liga hasiera honetako lehen bi partidak etxean zituen, eta punturik gabe geratzea, kolpe handia izango zen, eta atzokoan bai, zuri-gorriek egin beharrekoa egin zuten. Garaipena, eta erasoko puntu gehigarria, lortu zituzten, bost puntu eta berriro ere itxaropenerako bidea zabaldu zuen.

Albi zen atzo bisitari Agileran. Frantziarrek mailari eusteko helburuarekin ekin diote denboraldiari, eta atzo garbi ikusi zen bi taldeen arteko aldea handia dela. Atzokoan, gainera, berriak izan ziren protagonista talde zuri-gorrian. Lehen jardunaldian espero zena erakutsi ez bazuten ere, atzo oso maila ona eman zuten, eta lortutako bost entseguetatik lau beraienak izan ziren.

Norgehiagoka ongi hasi zuten euskaldunek, bederatzigarren minutuan Balshaw izan baitzen protagonista lehen entsegua lortuta. Kanpotarrek erreakzionatu, eta zigor bati esker, markagailuko aldea murriztu zuten, eta jokaldi berari esker, baita aitzinetik jarri ere. Hala ere, etxekoek berehala erakutsi zieten aurkariei bien artean alde handia dagoela.

Berehala heldu zen bigarren entsegua ere, eta oraingoan ere protagonista berbera izan zen, eta Peyrelonguek gainera, transformazioa ere gauzatu zuen aldea handituz. Aurretik, jokalari berak zigor bat gauzatu zuen, eta atsedenaren aurretik ere gauza bera egin eta aldea handitu zuen.

Alde izugarria

Bigarren zatian alde izugarria izan zen bi taldeen artean. Biarritz jaun eta jabe izan zen. Albik ia ezin zuen zelai erdia ere gainditu, eta etxekoak eroso aritu ziren. Gauzak horrela, beste hiru entsegu ere egin zituzten.

Atzokoan, ordea, garaipenaz gain, puntu gehigarria lortzea ere garrantzitsua zen, eta horixe egin zuten euskaldunek. Atzo emandako mailak, gainera, indarra emango die hurrengo jardunaldirako, lehen partidan baino askoz ere itxura hobea eman baitzuten.

 
Bi euskal taldeek gora egin dute

Biarritzek eta Avironek lehen jardunaldian ezin izan zuten puntu bakar bat ere lortu, baina bigarrengoan biek puntu gehigarria ere eskuratu ahal izan dute, eta nabarmen egin dute gora horri esker. Biek gainera, garaipenak lortu dituzte, eta hori zen garrantzitsuena.

Hiriburukoen kasuan, gainera, hasiera gaiztoa izan dute. Lehen bi norgehiagokak Liga irabazteko bi faboritoen aurka jokatu baititu. Txapeldunen zelaian galdu arren, itxura bikaina eman zuten, eta Stade, berriz, menderatu. Biarritzek atzo lehen jardunaldian baino itxura hobea eman zuen, nahiz eta aurkaria ere askoz ere samurragoa zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo