GARA > Idatzia > Kultura > Ikus-entzun

I. Topa Eszenika, euskarazko antzerki esperimentalaren topagunea, Usurbilen

A.A. |

Irailaren 3tik 6ra lehendabiziko Topa Eszenika, euskarazko antzerki esperimentaleko tailer eta ikuskizunen topagunea, izango da Usurbilen. Antzerkizaleei eta antzerkilariei zuzenduriko ekimena izan arren, herritar guztiek gozatzea espero dute Artedrama eta Txerriki antzerki talde antolatzaileak. Bi urte dira Usurbilen Kale Antzerki Eguna ospatzen dela. Esperientzia honek herrian izan duen arrakasta ikusirik eta Aulestiko Artedrama Euskal Laborategian eta Zarautzen burututako «brainstorming» baten ondotik, beste pauso bat ematea erabaki dute orain eta antzerki topagunea antolatu dute.

Lehenengo Topa Eszenikarako ikuskizun egitarau oparoa prestatu dute publikoaren gozamenerako. Antzezlanak, liburu aurkezpenak, helduentzako ipuin kontaketak, bakarrizketak zein irakurketa dramatizatuak izango dira lau egunetan. Baina antzerkian aritzen direnentzat tailer esperimentalak ere izango dira. Ikastaro hauek Sutegi kultur etxean izango dira eta antzerki-antropologian eta mendebaldeko tradiziozko antzerkian aditu den Ander Lipusek zuzenduko ditu. Irailaren 2ra bitartean egongo da izen-emate epea zabalik eta antolatzaileek plaza mugatuak izango direla ohartarazi dute.

Landuko diren gaiak, sorkuntza-dantza, gorputz adierazpena, antzezpena eta jokoak izango dira, besteak beste. Lipusekin batera, Ainhoa Alberdi aktorea, sorkuntza dantzan aritzen den Maider Oiartzabal, joko-eszenikoko irakasle Eñaut Gantxegi, «Dejabu panpin laborategia» proiektuko Ainara Gurrutxaga eta Urko Redondo eta Gaitzerdi taldeko Iñaki Ziarrusta arituko dira irakasle lanetan. Irailaren 3tik 5era izango dira tailerrak eta hiru egunetako ikastaroen, ikuskizunen eta otorduen truke 90 euro ordaindu beharko dira. Izena eman nahi duenak txerriki@gmail.com helbidera idatzi edo 943 371999 zenbakira deitu beharko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo