GARA > Idatzia > > Kirolak

1 FORMULA | Europako Sari Nagusia

Hamilton eta Kovalainen lehen lerrotik irtengo dira

Valentziako hiri barruko zirkuituan korritutako kalifikazio saioek argi utzi zuten McLarenek sekulako lana egin duela abuztuko atsedenaldi luzean.

GARA |

McLaren Mercedes taldea goitik behera nagusitu zen Valentzian jokatzen ari den Europako Sari Nagusiaren kalifikazio saioetan. Argi dago Britainia Handiko taldeak sekulako lana egin duela 1 Formulak abuztuan izan duen atsedenaldi luzean eta bere bi gidariak aurreneko lerroan kokatzea lortu du gaurko lasterketaren irteerarako. Lewis Hamilton ingelesesak lortu zuen lehen postua eta Heikki Kovalainen finlandiarrak bigarren amaitu zuen. Hirugarren postua Brawn taldeko Rubens Barrichello brasildarrarentzat izan zen.

Hasiera-hasieratik ikusi zen McLaren autoak zirela azkarrenak Valentziako portu inguruetan bigarren urtez jarraian atondu duten zirkuitu urbanoan. Hamiltonek denbora onena zuela ere, Kovalainen taldekidea haren denbora hobetzeko zorian egon zen, baina azken bihurgunean egindako akats batek eragotzi zion gaur lehen postutik abiatzeko aukera lortzea.

Beste postuei dagokienez, borroka politak ikusteko aukera izango da. Jenson Button liderra bosgarren postutik irtengo da, baina atzo adierazi zuenez, «lasterketa irabaztea» izango da bere helburu bakarra. Mark Webber australiarrak ere lana beltz egin beharko du sailkapeneko bigarren postuari eutsi nahi badio. Vettel, hirugarren dagoen pilotua, laugarren irtengo da eta garaipenerako faboritoen artean egon behar luke. Raikkonen, Rosberg eta Alonso ere aurreneko zortzien artean sartu ziren eta saiatuko dira podiumeko postuetara hurbiltzen.

Azkenik, aipamen berezia hainbat taldetan estreinako sailkapen probak korritu zituzten gidarientzat. Renaulten, Romain Grosjean gazteak merituzko lana egin zuen eta hamalaugarren amaitu zuen 1 Formulako bere lehen Sari Nagusian. Okerrago ibili ziren Toro Rosso taldeko Jaime Alguersuari kataluniar gaztea eta Luca Badoer, Massaren -eta Schumacherren- ordez Ferrarin sartu den gidari beteranoa. Azken bi postuak beraientzat izan ziren. Lasterketa, gaur 14.00etatik aurrera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo