GARA > Idatzia > > Ekonomia

«Borondatezko-derrigorrezko» kotizazioa ez ordaintzera deitu ditu ELBk abeltzainak

Abere hausnarkariak zatikatzeko zerbitzua finantzatzeko azken egunotan abeltzainek «Borondatezko-derrigorrezko kotizazioa» ordaintzeko deia jaso dute. ELB sindikatuak ganaduzaleak kotizazioa ez ordaintzera deitu ditu eta gutun irekia igorri dio prefetari.

GARA |

«Hausnarkarien Zatiketarako Borondatezko-derrigorrezko kotizazioa» abenduaren 31 baino lehen ordain dezaten eskatzen dien gutuna bidali die administrazioak abeltzainei. Orain arte hildako ganadua biltzeko zerbitzuak finantziazio publikoa jasotzen zuen, eta kotizazio berri hau zerbitzu hori pribatizatzearen ondorio dela salatu du nekazarien sindikatuak.

«Kotizazioa hautazkoa eta derrigorrezkoa da, guztiz kontraesankorra den asmaketa hori administrazioak baizik ez dezake pentsa», adierazi zuen ELBk. Alabaina, bestelako kontraesan gehiago ere badaudela gaineratu dute, eta, hortaz, gaiari buruz hitz egiteko prefetari hitzordua eskatu eta gutun irekia idatzi diote.

Eskutitzean ardien eta behien arteko orekatzea, zergak ordaintzeko modu berria, ordainketa zerbitzuaren egiazko erabileraren araberakoa izatea eta abere hilen bilketa zerbitzuak publiko izaten jarraitzea eskatzen du nekazarien sindikatuak. Igorritako idatzian prefetari hitzordua eskatzen diote ELBko ordezkariek, «kotizazio berri honen zuzentasun eskasa eta gure egoera ekonomiko larrian duen eraginaz mintzatzeko».

Sindikatu bakarra

«Hildako ganaduaren bilketa ordaintzeko sistema FNSEAk pentsatua du, interprofesionalen baitan dagoen sindikatu bakarra da, beste sindikatuei ez zaie galdetu», argitu du ELBk gutunean.

Horrez gain, sistema berria hildako abereen bilketa pribatizatzearen ondorio dela nabarmendu du: «Zerbitzua publikoa zelarik defizitarioa zen eta 2009ko finantza legeak erabaki zuen uztailaren 20tik goiti diru publiko gehiago ez ematea». Hartara, abere kategoria bakoitzak duen garrantziaren araberako gastua hartu dute oinarritzat.

ARDIAK ETA BEHIAK

Finantzaketa sistema berriak ardiak dituzten abeltzainak behiak dituztenen bikoitza ordaintzera behartzen ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo