KRONIKA | Udako Ikastaroak
Baikortasuna da sendagairik onena, Tiernoren esanetan
Nork bere buruaren mediku, psikologo, psikiatra eta lagun izan behar du». horixe esan zuen atzo Bernabe Tierno psikologo madrildarrak Donostian eskaini zuen hitzaldian. «Gure esku dago pentsamendu positiboak izatea, hori da arazoei aurre egiteko modurik eraginkorrena».
Janire ARRONDO I
Gizakiak bere adimena kontrolatzen ikasten duenean, bere bizitza aldatu egiten dela azaldu zuen atzo Bernabe Tierno psikologo, pedagogo eta idazleak, Donostiako Miramar Jauregian Euskal Herriko Unibertsitateak antolaturiko Udako Ikastaroetan. «Adimen-ahaltsua: zure adimena aldatzean, zure bizia aldatzen da» izenburupean norberaren gogamenaren gaineko hainbat hausnarketa egin zituen Tiernok.
Gaur egun, neurri handi batean krisi ekonomikoaren ondorioz bizi dugun egoeran zaila izan arren, jarrera baikorra izatea ezinbestekoa dela argitu zuen Tiernok. Psikologoak 90 urtetik gorako hamarka pertsona elkarrizketatu ostean ondorioztatu zuenez, «ez dute bizitako ezer baztertzen, guztia onartzen dute». «Arazoren bat dugunean, barruan dugun onena garatzeko unea da», zioen Tiernok.
Bere ustez, bizitzan egoera gogorrak bizitzea tokatzen bada ere, horien aurrean «hazi» egin behar dugu, eta ez arranguretan erori. Gainera, bizitako etapa txarrek giza gorputzaren babes sistema ahultzen dutela ere frogatua dagoela ziurtatu zuen Tiernok.
Giza adimenari buruz, «sekula asmatu den tresnarik onena» dela azaldu zuen psikologoak. Edozein arrazoi dela medio, inguruko inor pentsamendu negatiboetan erortzen bada, ez zaio errukirik izan behar. Tiernoren hitzetan, «zulotik ateratzen lagundu behar zaio». «Adimena positiboa den zerbaitetan kontzentratuz gero, baikortasunaren neuronak pizten dira eta orduan geure buruari galdegin behar diogu `zenbat lagunek hartuko lukete nire lekua?'».
Horren erakusgarri, Tiernok errezetatzen diren sendagaietatik %40 plazeboak direla esan zuen. Izan ere, «egiatan, adimena da lan egiten duena».
«Besarkatu beldurrik gabe»
A gripearen zabaltzearen gainean ere eman zuen iritzia Tierno psikologoak. Bere hitzetan, hartzen ari diren neurri guztien gainetik, «eraginkorragoa litzateke jarrera baikorra izatea defentsa sistema indartsuago izateko». Horregatik, «lasai jarraitu elkarri eskua, besarkadak eta musuak ematen».